Erakundeen arteko bilera egin dute gaur aldundian. Denboraleak kaltetutako Gipuzkoako bederatzi herrietako alkateak izan dira bertan. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Asteburuan beste denborale bat datorrela iragarri dute, joan den igande goizaldeko enbatak eragindako kalteen kopuru zehatza oraindik ikusteko dagoenean. Erakundeek aste osoa eman dute asteburuko kalteak zenbatzen. Azken datuaren arabera, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuen zinegotzi Nora Galparsorok emanda, Donostian gutxienez 5,5 milioi euroko kaltea eragin du itsasotik etorritako triskantzak, udalak eta Kosta departamentuak ordaindu beharreko kalteei dagokienez. Kopuru zehatza datorren astean ematea aurreikusi dute, baina ziur da zenbakiak gora egingo duela.
Datu orokorrari itxaron gabe, erakunde bakoitzari dagozkion ardurak eta erantzukizunak zehazteko garaia dela esan du gaur Galparsorok, udaletxean egindako agerraldian. Bada, udaletxetik gertu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan, erakundeen arteko bilera egin dute aldundia, Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuko ordezkariek, denboraleak kaltetutako Gipuzkoako bederatzi herrietako alkateekin batera. Juan Karlos Izagirrek eta Nora Galparsoro berak ordezkatu dute Donostia.
Bileran, Galparsorok egindako dei bati erantzun dio Espainiako Gobernuko ordezkariak. Hain zuzen ere, asko dira konpondu beharreko guneak, baina udalak premiazkoa ikusten du Zurriolako kai muturra lehenbailehen konpontzea. Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen Kosta Zuzendaritzako ordezkari Teresa Ruiz Ezenarrok esan du bere eskumenekoak diren kalteak euren gain hartuko dituztela, eta Zurriolako kai muturra konpontzeko lanekin martxoan hasteko asmoa dutela. Hala ere, datozen egunetan itsasoaren enbata gehiago aurreikusi dituztenez, horiek sor ditzaketen kalteak jakin arte ez dagoela lanean hasteko aukerarik nabarmendu du Ruiz Ezenarrok.