Galiarren garaiko Akitaniara egingo dute bidaia bisitariek
Bihar irekiko dute San Telmo Museoan Galiarren aroan. Zesar aurreko Akitania erakusketa.
Kristo aurreko VIII. menderaino egingo dute atzera San Telmo Museoan, garai hartan Akitaniako lurraldean bizi ziren herrien errealitatea eta bizimodua ezagutzera. Zesar enperadorearen aurreko Akitaniako herritarrek bi burdin aroen inguruan utzitako aztarnetatik abiatuko da bihar, larunbata, irekiko duten erakusketa berria. Galiarren aroan. Zesar aurreko Akitania izena du erakusketa berriak, eta maiatzaren 25a arte izango da ikusgai.
Galiarrak dira erakusketa honetako protagonista nagusiak, eta bisitariei honako galdera luzatu nahi diete: Zer dakizu galiarrei buruz? Nahigabe, Asterix eta Obelix-en irudiak etorriko zaizkio burura, baina benetako galiarrak ez ziren txabola biribiletan bizi, eta ez zuten hegodun kaskorik buruan. Objektu arkeologiko sorta batek galiarrak nola bizi ziren erakusten dio bisitariari. Eguneroko objektuen artean aurkitu dituzte depilatzeko pintzak, bizarra mozteko labanak, zeramikazko piezak… Haien hileta errituak ere birsortu dituzte erakusketan, zenbait maketa eta instalazioen bidez: nekropolia eta tumuluak. Gerlari onak izateko ospea izan dute betidanik. Armen eta metalaren inguruan zuten ezagutzari lotutako ospea da, zalantzarik gabe. Kaskoek, ezpatek, lantza puntek eta geziek erakusten dute erremintari trebeak zirela. Hainbat eszenografiei esker, bisitaria garaiko herri galiar bat nolakoa zen ikusteko aukera izango du: etxeak, altzariak eta artisau galiarren tailerrak, besteak beste.
Erromanizazio prozesua ere azaltzen du erakusketak. Garai honek erromatarren ezaugarriak ekarri zituen Akitaniara: elikatzeko ohitura berriak, harrizko arkitektura, mosaikoak eta lehen mahats produkzioak. Erakusketan guztira 1.600 pieza bildu dituzte. ordeleko Akitaniako Museoak egindako erakusketa da. San Telmo Museoko ekoizpenerako, Akitaniako Museoan erakutsitako objektu guztiak ekarri dituzte.
Erakusketaz gain, museoak hainbat jarduera antolatu ditu gai honen inguruan. Artisau erakustaldiak egingo dituzte Burdin Aroan beira eta burdina lantzeko zituzten teknikak erakusteko. Hitzaldiak ere izango dira museoan. Erakusketako komisarioak berak, Vincent Mistrot-ek, otsailaren 20an hitz egingo du erakusketari buruz. Xabier Peñalver eta Sonia San Jose donostiarrek Euskal Herria durante el primer milenio antes de nuestra era hitzaldia emango dute otsailaren 25ean eta Mertxe Urteagak baskoiei eta bere bizilagunei buruz hitz egingo du otsailaren 26an.
[box]GALIARREN AROAN, CESAR AURREKO AKITANIA
Non: San Telmo Museoan.
Noiz: Otsailaren 8tik maiatzaren 25era.
Erakusketarekin lotutako jarduerak: Hitzaldiak, bisita gidatuak, tailerrak… (Informazio gehiago museoaren webgunean.[/box]