Eneko Goia: "Igeldoko gaiari heltzeko ate bat ireki da berriro"
Auzitegiaren erabakia pozik hartu dute jeltzaleek. “Lasaitasun eta normaltasun egoera batera” bueltatu direla esan du Eneko Goia, EAJko bozeramaileak, eta gaiari berriro heltzeko atea ireki dela gaineratu du.
Igeldoren izaera bereziari egoki erantzuteko garaia dela uste du Goiak, eta betiko jarrerari eutsiz, toki entitate txikia litzateke jeltzaleentzako aukerarik onena.
Igeldoko auzia lantzeko batzorde bat osatu dute udaletxean, dagoeneko lanean ari dena. Batzorde horretan Hernani eta Ereñotzuko kasuak aztertzeko eskatuko du Goiak, “gertuen dagoen kasua delako”. Era berean, 2002an hasitako bidea zertan den ere aztertuko dute jeltzaleek. Orduan Igeldori toki entitate txikien izaera emateko aukerak aztertzen hasi ziren baina bertan behera geratu zen prozesua.
Desanexioaren aldeko herritarrei entzungor egin gabe Igeldoren inguruko batzordean eta udaletxean lanean jarduteko garaia dela esan du Goiak.
Bere hitzetan, “Igeldok izaera berezia du; nabaria da igeldotarrak ez daudela eroso Udalarekin dituzten harremanetan, beraz zerbitzuak eta harreman horiek ahalik eta egokien kudeatzeko formulak adostu behar ditugu”.