Juan Karlos Izagirre: "Herritarren iritziari errespetua zor zaio"
Juan Karlos Izagirre, alkatearen arabera EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia behin-behinekoa da, eta gainera “ez da auziaren mamian sartu”. Hau da, ez du foru dekretua legezkoa den edo ez epaitu. Beraz, Izagirreren ustez, benetako epaia eman bitartean zain egon beharko dute.
Bitartean, Igeldoko bizilagunak donostiar izaten jarraituko dutela onartu du Izagirrek, eta “dagokien tratamentua” emango zaiela. Dena den, alkatearen arabera, udal gobernuak ez du bere jarrera aldatuko. “Oraindik ez dugu igeldotarrekin hitz egiteko aukerarik izan, baina beraiekin hitz egingo dugu, beraien iritziak, kezkak eta asmoak ezagutzeko. Herritarren iritziari errespetua zor zaio, eta lehen egin genuen moduan, hemendik aurrera ere igeldotarren hitza kontuan hartuko dugu”, esan du Izagirrek.
Auzitegiaren erabakia prozesu judizial baten pauso berri bat besterik ez dela esan du Izagirrek. Zentzu horretan, udal gobernua ez zela Igeldoko gaia auzitegietara eramatearen aldekoa gogoratu du, eta printzipio demokratikoetan oinarritutako akordioak lortzearen alde egingo omen dute aurrerantzean ere.


