Salbuespen neurri bat aurreiritzietan oinarrituta hartu dutela salatu du Itsas Aurrek
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Igeldo herri izendatzeko dekretua. Albistea atzo jakinarazi zuten, eta orduz geroztik erreakzio ugari izan dira. Igeldotarrei dagokienez, Igeldoko Herri Kontseiluak eta Itsas Aurre elkarteak agerraldia egin dute gaur Igeldon bertan. Itsas Aurreko abokatu Juan Landak hartu du hitza, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak salbuespen neurri bat “aurreiritzi hutsetan” oinarrituta hartu duela salatu du, “inongo argudio juridikorik gabe”.
Landak azaldutakoaren arabera, Jaurlaritzak, aldundiak eta udalak hartutako erabakiek hiru presuntzio dituzte: legalak, legitimoak eta exekutiboak dira, kontrakoa frogatzen ez den bitartean. Suspentsioa soilik eman daiteke salbuespen neurri gisa, beti ere atzerabueltarik izango ez duen kalte bat egongo dela edo prozedura ilegala dela egiaztatuz gero. Donostiako Udalaren argudio nagusia izan da Igeldo herri bihurtzeak kalte atzeraezina eragingo ziola hiriari. Bada, Landak nabarmendutakoaren arabera, esaldi hori besterik ez dute aurkeztu froga gisa, inongo argudiorik gabe. “Idatzia oso modu traketsean eta era azkarrean osatu zuten. Kaltea eragingo diola hiriari diote, baina egiaztatu gabe”, esplikatu du abokatuak, eta epaiak prozedura legala dela ez duela zalantzan jartzen erantsi du.
Itsas Aurrek, berriz, txosten juridikoak aurkeztu zituen, erakunde bakoitzaren zigiluarekin.Foru Ogasunak, Lurralde Antolaketak, Donostiako Udaleko Hirigintza zuzendariak, Mugikortasun Sailak… hainbatek egindako txosteneke bideragarri ikusten dute Igeldoren desanexioa. Horrenbestez, eurek egiaztatze lana egin dutela aipatu du Landak, baina “auzi-jartzailearen lekuan jarri digute, demandatuak gu geu garenean”.
Epaia errekurritu egingo dutela aurreratu du abokatuak. Aipatu du behin-behineko neurriari buruzko epaia desanexioari buruzkoa baino lehenago etorri beharko litzakeela, azken hori erabakitzeko bi edo hiru urte beharko direla informatu eta gero.
“Igeldo udalerria da”
Igeldoko Herri Kontseiluko kide Ramuntxo Urruzmendik eta Ioritz Galparsorok eta Itsas Aurreko lehendakari Juan Luis Cruzek Juan Landarekin batera egin dute agerraldia. Adierazpen bat irakurri dute, bi elkarte horien izenean. “Igeldo udalerria da. Atzoko epaiak ez du eteten ez prozedura, ezta aurrera jarraitzeko herritarren gogoa ere”, adierazi dute. “Haserre gaude. Donostiako Udaleko oposizioko taldeak beren botere borroka partikularrerako Igeldoren aferaz baliatu dira, eta argi utzi dute igeldotarrek adierazitako ahotsa ez dutela kontutan hartzen”, salatu dute. Hala ere, ika mikak ika mika, elkarrizketarako deia egin diete alderdi politikoei. “Gonbidapen bat egin nahi dugu epealdi hau baliatuz. Aldebakarreko bideak utzi eta Igeldoko udalerri berria gauzatzeko lanetan erakundeei eta bertan ordezkatuta dauden alderdi politikoei elkarrizketaren bitartez eta elkarlanean jarduteko gonbidapena egiten dizuegu”, erantsi dute.