(Bideoa) "Zuzen jokatu du Foru Aldundiak, legearen eta erabakitzeko eskubidearen arabera"
http://youtu.be/O3DLwmwpSmQ
Desanexio prozesuarekin aurrera jarraitzeko Gipuzkoako Aldundiaren esku dauden bide judizial guztiak erabiliko dituztela adierazi du Larraitz Ugarte bozeramaileak.
Aldundiak igeldotarren gehiengoaren erabakia errespetatzearen aldeko apustu sendoa egin duela, eta konpromiso hori berresten duela adierazi du gaur Larraitz Ugarte bozeramaileak: “Igeldok zer izan behar duen igeldotarrek beraiek erabakiko dute”. Desanexio prozesuarekin aurrera jarraitzeko aldundiaren esku dauden bide judizial guztiak erabiliko dituztela plazaratu du.
Foru Aldundiarentzat herritarren hitza errespetatzeak du erabateko lehentasuna, eta iazko aldundiak 46/2013 foru dekretua onartu zuenean, igeldotarren erabakitzeko eskubidea bermatzeko xedez egin zuela azaldu du.
Igeldo udalerri bihurtzeko prozesuan legea errespetatu duela adierazi du Ugartek: “Igeldotarren erabakia kontuan hartu du, udalerriaren bideragarritasuna ere bai, baita foru araudia ere. Zuzen jokatu du Foru Aldundiak, legearen eta erabakitzeko eskubidearen arabera”.
Auzitegi Nagusiaren autoaren inguruan azpimarratu du ez duela auzian jarri foru dekretuaren mamia: “Ez du legez kontrakotzat jotzen. Kautelazko neurriak hartzea erabaki du udalerriaren egitura osoa sortzeak dagoen moduan jarraitzeak baino kalte gehiago ekar ditzakeela iritzi diolako”.
Herritarren erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubide bat dela aldarrikatu du Ugartek: “Herritarrek erabakitzeko duten eskubidea da jokoan dagoena”.
Herritarrek eta herriek haien garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala garatzeko egokien irizten dituzten antolatzeko moduak aukeratzeko eskubidea dutela adierazi du Ugartek, nazioarteko hitzarmen, lege, adierazpen eta giza eskubideen gutun nagusiek aitortzen dutela: “Horregatik, erabakitzeko eskubidearen errespetuaren gainetik judizializazioa hobestea ulertezina da”.