Antton Troitiño baldintzapean utzi dute aske Londresen
Antton Troitiño atzo atxilotu zuten berriro, Londresen, eta gaur eraman dute epailearengana. Baldintzapean utzi dute aske, baina berriro aurkeztu beharko du bere burua Londresko Westminster Auzitegian, martxoaren 14an. Egun horretan, bere aurkako estradizioa aztertuko du epaileak, Espainiako Gobernuak beste inputazio bat egin baitu bere kontra. Bitartean, egunero sinatzen jarraitu beharko du komisaldegian. Hain zuzen ere, komisaldegirako bidean atxilotu zuten atzo, sinatzera joaten zenean.
Espainiak egindako estradizio eskaera bati jarraiki atxilotu dute Troitiño oraingo honetan. Intxaurrondotarra baldintzapean aske zegoen joan den urritik, eta libre geratu ostean ETAn sartu delako atzeman zutela esan zuen Espainiako Barne Ministerioak, atzo, atxiloketa arrazoitzeko. Espainiako Poliziaren CGI polizia sekretuaren ikerketa bat dela tartean atxilotu zuten, Jorge Fernandez Diaz barne ministroaren arabera. Atzo arratsaldean atxilotuta eraman zuten Londresko Westminster Auzitegira, baina epaileak ezin izan zion deklarazioa hartu, aretoan gaztelaniazko itzultzailerik ez zegoelako. Horiek hala, gaur eraman dute berriro deklaratzera, eta baldintzapean utzi dute aske.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaren aurkako epaia eman ondoren, Londresko Auzitegi Gorenak behin-behinean aske utzi zuen Troitiño urriaren amaieran. Astebete eman zioten Espainiako Auzitegi Nazionalari estradizio eskaeraren inguruko erabakia hartzeko, eta Auzitegi Nazionalak euroagindua indarrean zegoela erantzun zuen. Urritik, baina, aske zegoen Troitiño, eta egunero bere burua aurkeztu behar zuen Londresko komisarian.
Espainiako Justiziak ezarritako espetxe zigorra osorik beteta aske geratu zen Troitiño 2012ko apirilean. 24 urte egon zen kartzelan preso donostiarra. Parot doktrina ezarri zioten ondoren, eta zigorra 2017ra arte luzatu, eta Londresen atxilotu eta preso izan zuten iazko urrira arte, Estrasburgok doktrina hori baliogabetu arte.