Denboraleak zubietan eragindako kaltea 1,2 milioi eurokoa izan da
Kosta Zuzendaritzak hala egingo zuela aurreratu zuen joan den astean, aldundiaren egoitzan Gipuzkoako kaltetutako udalek eta erakundeek egindako bileran.
Gaur eguneratu du Donostiako Udalak denboraleak hirian sortutako kalteen txostena. Horren arabera, ia sei milioiko kalteei egin beharko diete aurre erakunde publikoek; 5.767.800 eurori, hain justu. Txostenaren arabera, zubiek jasandako kaltea (Kursaal, Santa Katalina, Maria Kristina, Mundaiz eta Agirre Lehendakaria) 1,2 milioi euro ingurukoa izan da. Zurriola hondartza eta pasealekua izan dira kalte gehien jasan dituztenak; 1,4 milioi inguruko kaltea, hain zuzen ere.
Denboraleak eragindako kalteen balioa horrela banatuko lirateke, eguneratutako txostenaren arabera: Leizaola Pasealekua, 176.542 euro; Zurriola hondartza eta pasealekua (bankuak, farolak, argiak eta abar), 1.470.618 euro; Urumea, 103.605 euro; Kursaal zubia, 347.500 euro; Santa Katalina zubia, 400.162 euro; Maria Kristina zubia, 143.920 euro; Mundaiz zubia, 306.851 euro ; Agirre Lehendakaria zubia, 45.000 euro; Pasealeku Berria (behin-behineko ixteak, hesiak, argiteria, garbiketa eta abar), 1.088.261 euro; Parte Zaharra, 296.329 euro; Kaia, 34.971 euro; Kontxa, 260.705 euro ; Ondarreta, 521.431 euro; Santa Klara uhartea, 356.900 euro; Monpas ingurunea, 24.000 euro; Kolektoreen garbiketa, 64.004 euro; Kaleak, 20.000 euro; eta bestelako lanak ,131.069 euro.
Astelehen eguerdian bilduko dira Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre eta Azpiegitura eta Hiri Zerbitzuetako Zinegotzi Nora Galparsoro Kosta Zuzendaritzako ordezkariekin, gastu horiei aurre nola egingo dieten aztertzeko. Alkateak aurreratu du Kosta Zuzendaritzari eskatuko diola euren eskumeneko eremuetan sortutako kalte guztiei aurre egin diezaietela.