EAJk interpelazio bat egingo dio alkateari Pasai Antxo ondoan bizi diren donostiarren egoerari buruz
Donostiako EAJk interpelazio bat egin dio alkateari, Juan Karlos Izagirreri, honek azal dezan zer dela-eta dagoen «egonean» udal gobernua Pasaiako Udalak Pasai Antxo ondoan bizi diren donostiarrei Atez Ateko sistemarekin bat egiteko luzatutako eskaintzaren aurrean, «hori egin baitu Pasaiako Udalak bere udalerrian hondakinak biltzeko sistema hori ezarri behar duela aprobetxatuz», kritikatu dute jeltzaleek.
”Guztiz harrigarria suertatzen da Pasaiako Udalak Donostiako hainbat hiritarri bilketa sistema hau erabiltzea proposatzea, ez baitu ez horretarako eskumenik, ez Donostiako udalerrian zer esanik”, nabarmendu du EAJko zinegotzi Martin Ibabek. “Baina oraindik harrigarriagoa da udal gobernuak haren eskumenetan eta udalerrian egindako tamaina honen mutur sartze honekiko ezer egin ez izanak. Egoera honen zentzugabekeriaz jabetzeko imajinatzea besterik ez dago zein litzatekeen Pasaiako Udalaren erreakzioa hiri osoan bosgarren edukiontzia ezarriko duen Donostiako Udalak haren hiritarrei atez ateko sistemari ihes egiteko edukiontziena erabiltzeko gonbita luzatuko balie”, azaldu du Ibabek berak.