Intxaurrondotarraren egoera salatuko dute gaur Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean
Elkarretaratze bat egingo dute gaur, 19:00etan, Espainiako Gobernuak Pio XII plazan duen ordezkaritzaren aurrean. Konponbide garaia da! leloarekin, Antton Troitiñoren egoera salatuko dute. Hain zuzen ere, intxaurrondotarra baldintzapean utzi dute gaur libre Londresen, atzo atxilotua izan eta gero, baina Espainiako Gobernuak estradizio eskaera bat egin du bere kontra, eta Londresko epaitegiek horren inguruan erabaki beharko dute datozen asteetan.
EH Bilduk Troitiñoren aurkako jazarpena salatu du. “Atxiloketa honekin Espainiar Gobernuak euskal gatazkaren konponbidearekiko agertzen duen arduragabekeria ikusten darraigu. Euskal Herrian bizi ditugun garai berriei muzin eginez, iraganeko estrategiei eusten die Madrileko Gobernuak. Behin eta berriro, azken urteotan gatazkaren konponbideari lotuta ematen ari diren aurrera pausoei, arduragabekeriaz erantzuten ari zaio Madriletik”, salatu du. “Aldi berean, ezin ahaztu dezakegu, azken urteotan Antton Troitiñok bizitakoa. Antton 24 urte eduki dute preso espetxean, eta espainiar auzitegiek ezarri zioten zigorra bete zuen. Baina kartzelatik atera bezain pronto, eta 197/2006 dotrinaren aplikazioaren aitzakiarekin, bere espetxeratzea helburu zuen, kanpaina mediatiko politiko baten biktima izan zen. Horrela bere kaleratzea agindutako epaitegi berak astebete beranduago bere kontrako atxilotze agindua eman zuelarik”, azaldu du.
Sortuk ere salatu zuen Troitiñoren atxiloketa. “Konponbidearen aurka Alderdi Popularraren gobernu espainiarrak daraman estrategiaren adibide eta parte da. Kasu honetan, preso politikoen aurka Estatuak garatzen duen mendeku politikaren kutsua du atxiloketak”, esan du. Era berean, Sortuk Erresuma Batuko gobernuari deia luzatu dio konponbidearen aurkako Madrilen politikarekin bat egin ez dezan.