Kursaalek 3 milioi euroko fakturazioarekin bukatu du 2013a, aurreikusitakoa baino %2,6 txikiagoa
Kursaalek 2013an gauzatutako jarduerak 3 milioi euroko negozio bolumena ekarri du, eta 48 milioiko inpaktu ekonomikoa izan du Donostian eta Gipuzkoan. Hauexek dira Juan Karlos Izagirre alkateak, Ikerne Badiola Kultura eta Euskara diputatuak eta Iker Goikoetxeak, Kursaaleko gerenteak, eman dituzten datu nagusienak 2013ko balantzeari dagokionez. Atzo egin zuten agerraldia, urteak emandako zenbakien errepasoa egiteko.
Kursaalek egindako balorazioaren arabera, sektorearentzat zaila izan den urtea gainditu egin du balantze ekonomikoak, diruzaintza eraginkorreko beste superabit bat lortuz (150.442 €) eta ekitaldirako ezarritako helburua gaindituz.
Gizartearen egoera ekonomiko larria dela eta, 2013aren hasieran aurreikuspenak oso txarrak ziren. Aipatutako 3 milioiko fakturazio zenbatekoa aurreikusitakoa baino % 2,6 txikiagoa izan da, baina, ezkorra izanda ere, “datu baikorra” da, aldi berean korporazio segmentuaren fakturazioa % 20,5 areagotu baita. Hori dela eta, enpresen jarduera “berpizten” ari dela pentsatzen dutela esan dute, konbentzio, batzorde orokor, produktuen aurkezpen edo jardunaldi formatuetan.