Wiesbadengo topaketan hamar gazte donostiar izango dira
Hamar gazte donostiar izango dira Alemaniako Wiesbaden hirian egingo duten topaketan, Metropolis-Urban Learning Europe leloarekin. Gazte topaketa bihartik otsailaren 23a bitartean egingo dute, Wiesbadenen bertan. 14 eta 17 urte bitarteko neska-mutilek parte hartuko dute. Jatorri hauetako gazteak elkartuko dira: Alemania, Errumania, Zipre, Polonia, Grezia eta Donostia. Donostiako taldea 10 gaztez osatua dago. 25 izen emate orri jaso ziren, eta horien artean zozketa egin behar izan zuten joango diren hamar gazteak aukeratzeko. 14 eta 17 urte bitarteko neska-mutilak dira. Guztiek dute ingelesezko ezagupena, elkartrukearen hizkuntza baita.
Behin Alemanian, taldeak parte hartuko du goizeko, arratsaldeko eta asteburuko jardueretan, eta gazteen esperientziak eta ideiak elkartrukatzeko eta sormena askatzeko bide emango duten lantegietan arituko dira.