Plaza Haundin izan dira gaur egitasmoaren berri ematen eta ekarpenak jasotzen. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Auzotarrentzat eta auzotarrek eginiko espazio baten beharra ikusten dute Egian. Hain zuzen ere, auzolanari buruz azken hilabeteetan egindako batzarretan horixe izan da ateratako ondorio bat Egian, egungo kultur etxeak eta udalaren esku dauden beste egoitza batzuk ez baitituzte auzotarrak asetzen. Bada, egiatarrak lanean jarri dira eta sortu nahi duten Auzoetxearen egitura eta edukia osatzeko ekarpenak ari dira jasotzen. Gaur goizean, Plaza Haundin, mahai bat jarri dute egiatarrei informazioa emateko eta egiatarrek eurek ekarpenak utz ditzaten, hortarako egokitutako postontzi batean.
Taberna, Haur eta gurasoen gela, sukaldea eta jantoki soziala, baratza soziala, areto nagusia, dantza gela, liburutegia… momentuz, Auzoetxeak izan beharko lituzken zerbitzuak ideia horien bueltan sortzen ari dira. “Zirriborro bat dago idatzita, egitasmo bat, baina gustatuko litzaiguke auzotarrek euren ideiak ematea, egiatar guztien artean eraiki beharreko espazio bat baita Auzoetxea”, adierazi dute Egiako Gazte Asanbladako lagunek. Ekarpen gehiago jasotzeko, datorren larunbatean, hilak 22, batzar bat egingo dute Plaza Berrin, 10:00etan. Egiatar guztiak gonbidatu dituzte parte har dezaten eta, bide batez, euren ekarpenak egin ditzaten.