Bulebarreko terraza bat. (Argazkia: Lide Ferreira)
Terrazen ordenantzaren onarpena luzatzen ari da. 2013ko uztailean udalbatzak behin behineko onarpena eman zion ordenantzari, baina zuzenketak aurkezteko epean herritarren zuzenketa ugari jaso zituzten. Guztiak aztertu ondoren, otsailaren 7an onartu zuten terrazen erabilera arautuko duen testua. Martxoaren 17an Ogasun batzordean eztabaidatu beharko dute testu hori eta onartzekotan, martxoaren 27ko udalbatzarrean onartu dute.
PP eta PSE-EE ez dira testu berriaren aldekoak, ordea, eta 55 zuzenketa aurkeztu dituzte elkarrekin. Uztailean udalbatzak onartutako testua ez zela udal gobernuaren gustukoa salatu dute, eta “trikimailuak” erabili izana leporatu die Bilduri. Izan ere, popularren eta sozialisten ustez, jasotako zuzenketa guztiak ezker abertzalearen ingurukoak izan dira: “aurreko testua ez zitzaienez gustatu bere jendearen neurrira egokitu nahi dute ordenantza, gertukoen zuzenketak onartuz”, salatu du Susana Garcia Chueca, zinegotzi sozialistak.
Ramon Gomez eta Susana Garcia Chueca. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Terrazek ez dutela arazorik sortzen uste dute PP eta PSE-EEk eta “udal gobernua arazorik ez dagoen lekuan arazoak sortzen tematua dagoela”. Herritarren atsedenerako eskubidea eta ostalarien jarduera bateragarriak direla uste dute, eta terrazen ordenantza oreka hori oinarrian harturik zehaztu behar dela. Izan ere, Ramon Gomezek azpimarratu duenez, “ostalaritza hiriko ekonomiaren motore da, hala diote ekonomia suspertzeko planean ere, horregatik ez dugu ulertzen zergatik jarri nahi zaizkien hainbeste traba ostalariei”, esan du Gomezek.
PP eta PSE-EEren zuzenketak
Berrogeita hamabost badira ere, zuzenketa gutxi batzuk nabarmendu nahi izan dituzte gaurkoan.
Urteko hiru denboraldiak berreskuratu nahi dituzte. Hau da, denboraldi laburra, udarari dagokiona; ertaina Aste Santutik urriaren 31 bitartekoa; eta denboraldi luzea, urte guztikoa. Udal gobernuak ertaina kenduko luke.
Honekin batera, asteburuetan terrazen ordutegia luzatzea proposatuko dute, “Donostia turismotik bizi delako”.
Terrazek fatxadaren %200a hartu ahal izatea eskatu dute PP eta PSE-EEk, tabernaren tamainaren hirukoitza gutxi gora-behera. Udal gobernuaren testuaren arabera, taberna bakoitzak bere neurriari dagozkion metroak bakarrik hartu ahalko ditu.
Terrazen arteko tartean bi metrokoa izatea nahi du udal gobernuak, baina PP eta PSE-EE neurri horren aurka daude. Garcia Chuecaren arabera, “neurri horrek ez du zentzurik; azken finean mahaiak kentzea suposatzen du, eta horrekin batera bezeroak ere bai”.
Ordenantza berriak itxitako terrazak kendu nahi ditu. PP eta PSE-EEk ez du ulertzen La Cueva, Va Bene, Basque edo Txuleta bezalako lekuek zer kalte eragin dezaketen. Eta terrazak espaloitik 60 zentimetrora jarri beharra ere ez zaie bidezkoa iruditzen; Sagües jarri dute adibide gisa: “espaloiak autoz betetzea onartzen dute eta terrazak jartzea ez”, esan du Garcia Chuecak.
Azkenik, sozialistek eta popularrek zuzenketak babestu eta “arduraz jokatzeko” eskatu diote EAJri.