Zazpi milioi euro bideratuko dituzte lanpostu berriak sortzeko
Iazko planaren balantzea egin eta Donostiako diagnostiko ekonomikoko informazioa aztertu ondoren, Sustapenak hiru ardatzen inguruan antolatu ditu Donostiako Ekonomikoa Suspertzeko 3. Planeko neurri estrategikoak: ekintzaileen jarduera sustatzea, jendea lan merkatura gerturatzea edo sartzea, eta enpresen lehiatzeko eta berritzeko gaitasuna hobetzea.
Gehien behar den lekuan. Gehien behar duenarentzat izango da aurtengo leloa. Izan ere, langabezia tasa handienak dauzkaten auzoetara eta lanpostu gehien suntsitu diren industrialdeetara hurbiltzeko ahaleginari eutsi nahi baitiote. 2013. urtearen amaieran, hiriko langabezia tasa biztanleria aktiboaren %12,7koa zen; (EAEkoa%15,9, eta Gipuzkoakoa %13,8). Eta langabezia tasa handiena duten auzoak Altza, Intxaurrondo, Egia, Mirakruz-Bidebieta, Loiola eta Martutene dira oraindik ere.
Erakunde arteko lana
“Ekonomia suspertzeko ardura duten eragileen arteko lana ezinbestekoa da jarduera ekonomikoari bultzada emateko”; hala adierazi du Juan Karlos Izagirre, alkateak, eta gaurko agerraldia ere horren isla izan da. Ekonomia suspertzeko ahaleginean jardun duten eragile eta erakundeen ahalegina eskertu du Izagirrek, eta ahalegin horretan sortu den “gizarte-sarea” nabarmendu du.
Alkatearen arabera, Donostiako Udalak ahalegin handia egin du Plana garatzeko; 7.379.710 eurokoa da aurrekontua. Udalak eta Donostiako Sustapenak 4.011.642 euro jarriko dituzte, Eusko Jaurlaritzak 1.841.812 euro, Gipuzkoako Foru Aldundiak 571.173 euro eta Europako Gizarte Funtsak 955.083 euro, diru-laguntzen bitartez.
Aurrekoetan bezala, udalak enpresa eta elkarteekin batera lan egingo du enplegu aukerak bilatzeko eta gero eta agente ekonomiko, erakunde eta enpresa gehiago inplikatzeko. Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesaz gain, beste hainbat kolaboratzaile izango ditu, besteak beste: Basque Culinary Center, Tecnalia, Behemendi, Deustuko Unibertsitatea, CEIT- IK4, EHU-UPV, 27 Industrialdeko Jabekideen Elkartea, Molinao-Papin Industrialdeko Elkartea, CICTourgune, CICBiomagune, Nanogune, DIPC, Vox Cívica, Mondragon Unibertsitatea, Sartu, Elkartu, Gureak Taldea, Traperos de Emaus Fundazioa, Ekogunea, Gaia, Tecnum, Groseko Indarra, Gautena, Nesplora, Ibaia Ekoizle Elkartea, Auzoa, Merkataritza Federazioa, Donostisshop, Bretxa, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea, Zaharrean…
Auzo eta industrialdeetarako neurriak
Josu Ruiz, Garapen Ekonomikoko zinegotziak azadu ditu onartu berri duten planean aurreikusi dituzten neurri batzuk. Ekonomia suspertzeko neurri garrantzitsuenetako batzuk Egian eta Altzan jarriko dituzte abian, Auzoa dendari elkartearekin, auzo-elkarteekin, Tabakalerarekin eta Egia Bizirik elkartearekin batera. Hala, auzo horietan aurrez aurreko aholkularitza eskainiko dute, EKIN jardunaldiak antolatuko dituzte eta ekintzaileei merkataritza lokalak errentan hartzen lagunduko diete.
Papin eta 27. industrialdeei dagokienez, sorkuntzarako laguntzak eskainiko dituzte, bertako enpresei langileak kontratatzen lagunduko diete eta smart osagaia duten enpresak bideratuko dituzte, besteak beste.
Hirian estrategikotzat hartutako sektoreak sustatzeko neurriak ere hartuko dituzte. Hala, energia berriztagarriak eta energia-eraginkortasuna, ikus-entzunezkoak eta bitarteko digitalak, surfa, nekazaritza-elikagaiak eta babes-konponbideetako sektoreak landuko dituzte bereziki.
Horrez gain, hirian lanpostu gehien sortzen duten sektoreak ere bultzatuko dituzte, ostalaritza eta turismoa, hain zuzen ere. Gauzak horrela, sektore estrategikoetan enpresak sortzen dituztenek hobari bereziak izango dituzte, langile autonomo eta mikroETEek diru laguntzak jasoko dituzte, ostalaritzako eta turismoko elkarteekin lankidetza-hitzarmenak sinatuko dituzte, edo talentuaren eta lehiakortasunaren inguruko azokak antolatuko dituzte, esaterako.
Lehentasunezko kolektiboek ere, lekua izango dute III. Planean. Hala, luzaroko langabeei, gizarteak baztertzeko zorian dauden kolektiboei, eta emakumeei laguntzeko neurrien artean honako hauek daude: enpresak sortzeko hobari bereziak, Unibertsitateko Gizarte Ekintzailetza programa, emakume ekintzaileentzako prestakuntza programa, kolektibo horietako jendea kontratatzeko hobariak, Talentu Berritzailea programa, 30 urtetik beherakoentzako Nazioartekotze Bekak, gradu amaierako eta praktiketako proiektuak eta 45 urtetik gorakoentzako esperientzia programa.
Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, Donostiako Udala eta hiriko hainbat eragile elkartu dira, Ekonomia Suspertzeko Hirugarren Plana aurkezteko. 7.379.710 euroko aurrekontua izango du.
Udalak, Sustapenaren bitartez, Donostiako Ekonomia Suspertzeko Plan berri bat egin du 2014. urterako. Planaren helburua da 1.150 lanpostu berriren sorrera bultzatzea eta daudenak sendotzeko ahalegin handiagoa egitea da. Horretarako azterketa sakon bat egin dute. Batetik hiriko ekonomia eta ekonomia horren bilakaera aztertu dituzte, eta baita krisiak gehien kaltetutako sektore eta auzoak ere.