"Herri palestinarren ahotsa izango gara"
Otsailaren 1etik 9ra bitartean euskal kulturgintzako ordezkaritza bat Palestinan izan da. Israelen okupazioak Palestinako biztanlerian eta kulturan sortzen dituen ondorioak ezagutzeko aukera izan dute, lurralde okupatuetan ibili dira eta bertako giza eskubideen urraketen testigantzak jaso dituzte.
Orain jasotako testigantza krudelak eta Palestinatik ekarritako bizipenak erakutsi nahi dituzte Euskal Herrian, “desagertzen ari den herri baten alde borrokatu beharra dagoelako ohartarazteko”.
Kurturgintzako sei pertsonak osatu dute Palestinara bidaiatu duen ordezkaritza: Miren Amuriza bertsolari, Xabi Aburruzaga trikitilaria, Raquel Imaz klowna, Tytty Thusberg disenatzailea, Jose Pablo Arriaga eskultorea eta Xabier Susperregi idazlea. Samara Velte Berriako kazetaria eta Lander Arbelaitz Argiako kazetaria ere bidaian izan dira.
Testigantzak
Palestinan bizitakoa erakusten saiatuko dira ordezkariak. Donostiako udaletxean izan dira gaur, baina Legebiltzarrera ere joango dira, Giza Eskubideen Batzordera. Hala ere, ordezkari bakoitza bere esparruan saiatuko da Palestinako errealitatea erakusten. “Herri palestinarren ahotsa izango gara, goazen tokira goazela; halaxe hitz eman nion hamar minutu lehenago makina batekin etxea bota eta harrien gainean negarrez, han egoteagatik eskerrak eman zizkigun familiari”, esan du oraindik hunkiturik Xabier Susperregi idazleak.
Puzle baten moduan irudikatu du Susperregik Palestina: “Puzle bat da, eta Israelek piezak kentzen dizkio Palestinari; herri palestinarrak desagertzen ari dira, eta gure ardura da hori ekiditea”.
Jon Albizu, Lankidetzako zinegotziak adierazi duenez, Donostiako Udalak ere babes osoa erakutsi dio Palestinari; babes politikoa, morala eta baita ekonomikoa ere. Izan ere, Palestinako egoera hobetzeko lanean diharduen ordezkaritzak udalaren diru laguntza jaso zuen. Lankidetza sailak gatazkan bizi diren herrietan garatzeko egitasmoei bideratzen dien diru laguntza hain zuzen ere.
Boikota Israeli
Prentsaurreko honetan, ordezkaritza osatzen duten pertsonek Israelgo estatuari boikot, desinbertsio eta zigorren kanpaina babestu dute, Euskal Herrian zenbait kolektibo internazionalista duela urte batzuk sustatzen ari diren kanpaina, alegia.
Gaiaren inguruko informazio gehiago nahi duenak Mewando, Palestinarekin elkartasun sarearen webgunean aurki dezake.