Mozorro festarako prest dago hiria
Otsailaren 27tik martxoaren 3ra ospatuko dituzte aurten inauteriak. Eta nahikoa izan ez dutenentzat martxoaren 9an Eltze festa egingo dute Altzan.
Inauteriak hasteko astebete eskas falta denean aurkeztu dute mozorro festaren kartela, eta baita bost egunez protagonista bihurtuko den Momo Jainkosa ere. “Arauak eta ordena alde batera utzi eta mundua hankaz gora jartzeko egunak” direla adierazi du Nerea Txapartegi, Euskara eta Kultura arduradunak. Inauteria umorea oinarri duen festa dela gogoratu du, eta edozein trapu edo apaingarri soinean jantzita kalera ateratzeko gonbita luzatu die herritarrei.
Dei horrekin bat etorri da Momo Jainkosa ere. Aitziber Urkolak hartuko du aurten iseka eta lotsagabekeria pertsonifikatzeko ardura. Tolosarra da berez, baina Donostian bizi da haurra zenetik. Txikitatik bizi izan ditu inauteriak oso modu berezian. Txasiss konpartsako kidea da Urkola, eta bere esanetan, “ohore handia izan da” inauterietako jainkosa izatea. Ostegun gizen egunean, otsailak 27, 19:00etan abiatuko da Konstituzio plazatik eta Londres hotelean emango dizkiote hiriko giltzak, 19:30ean. Momo Jainkosak ondoan izango du bere segizioa ere, aurten Amaia German, Aitziber Crujeiras eta Maialen Yarzak osatuko dutena.
Kartela
Bartzelonako Javier Victor San Josek egin du aurtengo inauterietako kartela. 191 lan aurkeztu dira lehiaketara eta San Joseren marrazki koloretsua aukeratu dute, hiria bera ere kolorez jantziko duen festa iragartzeko.
‘Zeuk osatu inauteria’ da kartelaren izenburua, eta Txapartegiren arabera, “festarako gogoa eta alaitasuna iradokitzen ditu”.
Gainera, inauteriak hiriko auzo ezberdinetan ere ospatzen direla gogoratu du Kultura arduradunak: “Haur-txoko, gazteleku eta ikastetxeetan ere gogoz prestatzen dituzte inauteriak; baita auzoetan ere, beraz, herritarrek ez daukate aitzakiarik mozorrotu eta kalera ateratzeko, hiriko txoko guztietan nagusituko baita festa giroa”.
Egitaraua
Inauterietako egitaraua oparo bada ere, ia etengabea, hainbat une nabarmedu dituzte gaurko aurkezpenean. Esan bezala, ostegun gizen egunean egingo zaio ongi etorria Momo Jainkosari. Ostiralean, otsailak 28, konpartsen aurkezpena egingo dute Konstituzio plazan, 19:000etan.
Larunbatean, martxoak 1, Donostiako inauterietan erroturik dagoen ohitura bati eutsiko diote: mozorrotutako herritar talde batek Momo jainkosari abestuko dio esna dadin. Eta lortzen dutenean kalejiran joango dira Konstituzio plazatik udaletxeraino. Bertan, hiriko aginte makila emango diote Momo jainkosari, 12:00etan.
Konpartsen desfilea, 17:00etan abiatuko da Bulebarretik. Eguraldi txarra egiten badu, igandera atzeratuko dute desfilea, eta igandean ere eguraldi txarra egingo balu Anoetan egingo dute ikuskizuna.
Aurten lehen aldiz, Musika eskolako 3Txulo txaranga Parte Zaharren barrena ibiliko da giroa alaituz. Gainera, edonork bat egin ahalko du taldearekin; mozorrotuta egotea izango da baldintza bakarra.
Haur desfilea, berriz, igandean egingo dute; martxoaren 2an. Goizeko 11:30ean aterako dira haur eta gazteak Bulebarretik.
Astelehena, martxoak 3, agur esateko eguna izango da. 20:00etan egingo dute sardinaren erretzea Bulebarreko kioskoaren ondoan, baina aurretik, festa giroa izango da nagusi. Esaterako, Psycho-Clown perkusio emanaldia izango da Zo-Zongoren eskutik.
Egitaraua oso zabala denez, ibilbide edo ikuskizunen informazio zehatzagoa Donostiakultura.org webgunean eskura daiteke.