Oposizioaren zuzenketek larrialdietarako ibilgailuen bidea oztopatuko dutela dio Bilduk
Oposizioko alderdiek hainbat zuzenketa aurkeztu dizkiote terrazen ordenantzari, eta udal gobernuak “arduragabekeriaz” jokatu izana leporatu die. Udal Gobernuak ohartarazi du oposizioaren zuzenketek nabarmen estutzen dutela larrialdiko ibilgailuen pasabidea, eta pertsonen segurtasuna jartzen duela arriskuan horrek.
Larritzat jo dute toki publikoen ustiaketa pribatua beste gauza batzuen aurretik jartzea, eta baita larrialdietako ibilgailuei gutxieneko lekua uztea ere. Hori diote Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuko inspektore buruak egin eta ordenantzaren espedientean sartu dituzten bi txostenek ere, eta hala berretsi du udaleko idazkariordeak egindako txosten juridikoak ere. Udal gobernuaren ustez ez du zentzurik suhiltzaileen buruak idatzi dituen bi txostenetan ageri diren eskaerei kasurik ez egitea.
Ostalaritzan aritzea eta atseden hartzeko eskubidea
Udal Gobernuak egin duen proposamenak bi ideia uztartzen ditu: bizilagunek segurtasunerako eta atseden hartzeko duten eskubidea eta aisialdirako, ostalaritzan jarduteko, nahiz gune publikoa hobeto aprobetxatzeko eskubidea.
Uztailean behin behinean onartutako ordenantzari 49 zuzenketa aurkeztu dizkiote auzo elkarteek, ostalariek, talde ekologistek eta herritar talde batek. Zuzenketa horiek guztiak kontuan hartuta aurkeztu dute orain ordenantza proposamen berria.