Jose Luis Arrue eta Ernesto Gasco, barrutien maparekin. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Hiri handien kudeaketa arautzeko 2003. urtean sorturiko legeari eutsiz, PP eta PSE-EEk bat egin dute Donostia barrutietan banatzeko eskaeran. Jose Luis Arrue, zinegotzi popularrak eta Ernesto Gasco, bozeramaile sozialistak arau proposamen bat aurkeztu dute. “Legeak agintzen duen neurri bat” zehaztu dutela esan du Arruek, udal gobernuak “beste behin legeari entzungor egiten badio ere”.
Gascok, bere aldetik hasierako jarrera aldatu dutela onartu du, eta barrutiena “deszentralizazio aukerarik hoberena” dela esan du. “Boterea ez da politikariena, herritarrena baizik; administrazioa herritarrengana gerturatzeko bideak jorratu behar dira, eta bistan da udal gobernuaren parte hartze ereduak ez duela balio”, gaineratu du Gascok, udal gobernuak auzoetan egiten dituen informazio bilera irekiei erreferentzia eginez.
Lau barruti
PP eta PSE-EEk lau barruti sortuko lituzkete Donostian:
-Ekialdekoa: Altza, Intxaurrondo, Bidebieta eta Mirakruz hartuko lituzkeena, 45.864 biztanlerekin.
-Erdialdekoa: Amara, Erdialdea, Loiola eta Martutenek osatua; 58.324 biztanle.
-Mendebaldekoa: Añorga, Antigua, Aiete, Ibaeta, Igeldo, Miramon-Zorroaga eta Zubieta; 43.191 biztanle.
-Iparekialdekoa: Ategorrieta, Ulia, Egia eta Gros. 38.794 biztanle.
Sozialista eta popularren ustez, barrutiek gertutasuna eskaintzen dute, eta baita baliabideen kudeaketarako abantailak ere. Izan ere, barruti bakoitzari aurrekontuaren ehuneko finko bat dagokio, eta berak erabakitzen du baliabide horiek nola kudeatu. “Barrutien bidez lehen eta bigarren mailako herritarrak sortzea ekidin daiteke, udal gobernu honek bere interesen arabera banatzen baitu dirua”, salatu du Arruek.
EAJren jarrera ere kritikatu dute, ez duelako barrutien aldeko apustu irmoa egiten, baina Bildurekin adostu berri dituzten aurrekontuetan Altzako barrutia egiteko diru partida bat aurreikusi omen dute.
EAJren erantzuna
Eneko Goia, bozeramaile jeltzalearen esanetan, berriz, barrutiak tokiko entitate txikiak bezalaxe, tresna bat dira; baliabideak kudeatu eta auzoek udalarekin dituzten harremanak gerturatzeko tresna bat.
Dena dela, astelehenean egingo du bilera 2011n barrutien auzia lantzeko sortu zuten batzordeak. Martin Ibabe jeltzalea da batzordeko lehendakaria, eta Eneko Goiak nahiago izan du barrutien inguruan EAJk duen jarrera zehaztu gabe utzi; batzordean egingo dute euren proposamena. Dena dela, Altzako barrutia defendatzen dutela onartu du Goiak, “ez PPk dioen bezala legeak hala dioelako, nonbaitetik hasi beharra dagoelako baizik”.