"Donostia euskalduntzeko erakundeen eta herritarren konpromisoa ezinbestekoak dira"
lehen saioa, parte hartzea hizpide hartuta. Gaurkoan, euskara izan dute aztergai.
Bizi euskaraz Donostia lelopean 25 bat herritar bildu dira goizeko 11:000etan Egia kultur etxean. Euskalgintzako ordezkariak izan dira gehienak, EHE, Bagera edo Batzen elkarteetako kideak, Egiako auzo elkarteko kideak, idazle, irakasle eta baita euskararekiko nolabaiteko sentikortasuna duten herritarrak ere. EH Bilduko Joseba Alvarez eta Nerea Txapartegi udal gobernuko Euskara eta Kultura arduradunak gidatu dute saioa.
Luze mintzatu dira euskararen normalkuntzaren inguruan, erakunde eta norbanakoen konpromisoen mugak zehaztu nahian. Etengabeko lana dela onartu dute batzuk eta besteek eta lan horrek ez ote duen nahikoa oihartzun izaten ere eztabaidatu dute, baina funtsean ondorio argi bat atera dute: Donostia euskalduntzeko erakundeen nahiz herritarren konpromisoa ezinbestekoa dela.
Ideia nagusiak
Edukiei dagokioenez hiru ardatz nagusi definitu dituzte: motibazioa, ezagutza eta erabilera. Eta ardatz horiek bi eremutara eraman dituzte. Lehenik Donostiako Udalak euskararen erabilera eta normalizazioan egiten duen lana azaldu du Nerea Txapartegik, eta horren inguruan eztabaidatu dute ondoren guztien artean. Bigarren atal batean, euskarak kalean eta herritarren artean duen lekua aztertu dute.
Euskara udalean
Udalari dagokionez, hasiera hasieratik Bilduk euskararen aldeko apustua egin duela azpimarratu du Txapartegik. Udalarekin dituzten harremanak euskaraz izateko eskubidea bermatu nahi zaie herritarrei. Gainera euskara lanerako tresna izatea nahi dute, eta horretarako langileak prestatzen ari dira. Txapartegiren arabera, euskara udal gobernuaren sail bakoitzean txertatu dute, eta sail bakoitzeko arduradunari, zinegotziari dagokio konpromiso hori betetzea. Atzo Alderdi Ederren Udalean ere euskarazleloarekin ateratako argazkia, “guztien konpromisoaren” isla dela esan du Txapartegik.
Baina Donostiako Udala ez dela udaletxeko eraikinera mugatzen gogoratu du Txapartegik, eta “udala eredu izan behar badu ere, udalean hartzen diren erabakiek edo egiten dugun ahaleginak bide laburra izango du euskalgintzak urratsak egiten ez baditu”.
Zentzu horretan hizkuntza eskubideak urratzen diren bakoitzean herritarren ikuskaritza lana, alarma deiak beharrezkoak direla esan du Txapartegik. Herritar batzuen ustez, ordea, urraketa horiek ekiditea neurri handi batean udalaren ardura ere bada.
Neurriak neurri, erabilera sustatzeko norbere jarrera dela gakoa onartu dute guztiek. Joseba Alvarezek gogoratu du adibidez, udaletxean zinegotzi izan zen hamaika urteetan ez zuela behin ere gazteleraz hitz egin udalbatzarretan, “konpromiso politikoagatik eta batez ere pertsonalagatik”. Jarrera hori eguneroko bizitzako eremu guztietara eraman behar dela erabaki dute bilerako parte hartzaileek.
Hizkuntza eskubidea bermatuko ez dela ziur ez dagoenean euskaldunok izaten ditugun zalantza, konplexuak ere agertu dira; eremua edozein dela ere lehen hitza euskaraz egiteko erabakia hartu beharra dagoela esan dute. Erabaki horretan udal gobernua “tinko” ari dela nabarmendu du Txapartegik, eta euskara lehenesten dutela erabaki guztietan. Euskararen Normalizaziorako V. Plana ekarri du gogora, 2017. urtea arte garatuko dutena. Baina leheneste horretan Espainiako Gobernuko legediak mugak jartzen omen ditu kontratazioetan adibidez, “euskara lehenestea baztertzailea” izan daitekeelakoan.
Zentzu horretan, Jose Mari Perez Bustero idazleak ekarpen polita egin du. Berrogei urte daramatza Donostian bizitzen, eta amaierarik ikusten ez dion euskalduntze prozesu batean diharduela aitortu du. “Euskaraz goxo, tinko eta ez dakienari gonbita luzatuz jardun behar da. Euskaraz jakitea baztertzailea dela, noski baietz; edertasuna, pilotari trebea izatea edo itsasoari begira egon eta igerian jakitea baztertzaileak diren bezalaxe. Euskarak ezin du ekidin baztertzailea izatea, beraz bada garaia euskaraz ez dakienari txiki sentiarazten hastekoa ere”, esan du Perez Busterok.
Euskara kalean
Eztabaida sakona eta hari mutur askorikoa izaki, zaila izan zaie parte hartzaileei lan-ildoak zehaztea. Hiriko zortzi auzotan Bagera elkartea eta euskara batzordeen arteko lan dinamika azpimarratu du Txapartegik, eta oso emaitza positiboak jasotzen ari direla esan du. Auzoetan euskararen erabilera sustatzea dute helburu dinamika hauek, eta Egiako kasua aipatu du bereziki.
Egiako Aitor ikastola ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko egitasmo pilotu bat garatzen ari da eta horretarako auzoko hainbat eragilerekin ari da elkarlanean, euskalduntzea ikastetxetik auzora hedatuz.
Ikasleak eta gazteak ere hizpide izan dituzte gaurko bileran. Gaurko haurrak biharko helduak izango direla uste dute batzuk eta haiengana bideratu behar dela euskararekiko konpromisoa. Baina beste askok, helduengan jarri dute erantzukizuna, helduak direlako eredu, eta haur nahiz gazteek helduen ispiluan begiratzen dutelako. Eztabaida horren harira, ‘eskolak bakarrik ez du euskalduntzen’ lema azpimarratu du herritar batek.
Hirian sortzen ari diren auzo berrietan gertatzen dena ere kezkagarria dela esan du beste batek. Loiolako Erribera jarri du adibidetzat, euskararen presentzia kontuan hartuta, hutsetik hastea bezala dela esan du, duela hogei urteko egoerara itzultzea gune berrietan ia ez delako euskararik sumatzen, eta hori “oso etsigarria” dela aitortu du.
Zentzu horretan, Nerea Txapartegik esan du ostalari eta merkatarien artean euskararen erabilera sustatzeko ere ahalegin berezia egiten ari dela udala.
Azkenik, aurten 2011-2015 denboraldiko Donostiako Euskararen Plan Berezia baloratzeko urtea izango dela esan du EH Bilduk. Prozesu parte hartzaile baten bitartez udazkenean hasiko dira balorazioa egiten eta 2015-2019ko plan berria zehazten. Dena dela, 1991eko plan bat ere badela esan dute udal ordezkariek, beteko balitz egokia litzatekeena, beraz agirietan jasotzen dena landu eta betetzeko ahalegina herritar guztiena dela, eta erabilera dela gakoa nabarmendu dute beste behin ere.
Euskararen ezagutza maila %60koa bada ere, %13koa da erabilera.
EH Bildu legealdi hasi zenetik emandako pausoak eta 2015era begira dituen erronken berri ematen hasi da auzoz auzo. Okendo kultur etxean egin zuten