Edorta Lamo, BCCko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizega eta Amaia Garcia.
Ilustrazioak, argazkiak, errezetak eta beste hainbat material izango dira ikusgai.
Basque Culinary Center-ek eta Parte Zaharreko A Fuego Negro jatetxeak kolaborazio gastronomiko bati hasiera eman diote. Batetik, ‘The Black Cook Book’ azken lanaren inguruko erakusketa aurkeztu dute Basque Culinaryn. “Liburua egiteko erabilitako materiala da sukaldaritza ikusteko gure modua, eta gure mundu gastronomikoaren inguruko gauza asko topatuko du bisitariak”, azpimarratu du Amaia Garca A Fuego Negroko arduradunak.
Apirilaren 27ra arte zabalik izango da erakusketa, eta liburuko hiru atalez osaturik izango da: ‘Errezetategi’ atalean taula handi bat azalduko da eta bertan errezeta guztiak azalduko dira urtez urte kronologikoki. “Ehun errezeta baino gehiago dira 2006. urtean taberna zabaldu genuenetik egin ditugunak. Denak erakutsi nahi genituen, gainera. Ezer ez gordetzeko modua da hori, ikasleei dena erakutsi eta gastronomia aldetik biluztea, alegia”, zehaztu du Edorta Lamo A Fuego Negroko sukalde-arduradunak.
Bigarren atala, ‘Kitxen kreativity’ izenekoa, liburuko parte bakoitzeko ilustrazio orijinalen marrazkiz osaturik dago. “Liburua egiten hamaika artista eta marrazkilarik hartu dute parte, eta, euren tartea izan behar zuten erakusketan. Guretzat euren parte-hartzea garrantzitsua izan da oso!”, azaldu du sukaldariak.
Azkenik, ‘Garito bat baino gehiago’ atalak, lehenago argitaratutako lanez gain (‘Pintxos y viñetas’ eta ‘Pintxatu’), honakoa du: 3D argazkiak bere betaurrekoekin, ‘Plata clothing’-ekin egindako kamiseta orijinalak, ‘Pilpil Wear’ jakatxoak, zenbait argazki eta koadro, ‘Platos Rotos’ erakusketaren argazki-panela, liburuan sarturiko pegatinen orijinalak euren erakustokian, hainbat egitasmoetako kolaborazioen egindako zirriborroak eta A Fuego Negron 2009an egindako gastronomia-antzerkiaren muntaia txiki bat.