Arte Ederren eraikinaren defentsan, hainbat herritar bildu dira udalbatzarrean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Udal gobernuaren kontrako botoekin, eta ondarearen defentsan ari diren zenbait elkarteren iritziaren aurka, oposizioak Arte Ederren eraikina hotel bihurtzeko aukera emango duen proposamena adostu du gaurko udalbatzarrean. C babes maila izango du Arte Ederren eraikinak, baina, PSE-EEk, EAJk eta PPk lortutako akordioaren bitartez, babesa partziala izango da. Klausula horrek fatxadan aldaketak egitea ahalbidetuko du eta, ondorioz, eraikinaren jabe SADEk proposatutako hotel proiektua gauzatu ahal izango litzateke. Arte Ederren eraikinaren defentsan borrokan ari diren Ancora Elkarteko eta Arkhitektoon Biltzarreko kideak izan dira udalbatzarrean, pankarta batekin, euren desadostasuna adierazteko.
PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok adierazi du erabakiarekin Arte Ederren eraikina “babestea ahalbidetuko dutela, etorkizunera begira bideragarria izan dadin, arrazoizko erabilera baten bitartez”. EAJko bozeramaile Eneko Goiaren arabera, “garrantzitsua da oso ondarea babestea eta ondare hori bizirauteko erabilerak bermatzea”. PPko ordezkari Jose Luis Arrueren ustez, “Arte Ederren eraikina babestea beharrezkoa da, eraikin berezia delako, inork ez du hori zalantzan jartzen; baina, hiri honek aurrera egin dezan nahi dugu, eta horretarako eraikina erabili behar da, oso egoera txarrean baitago”. Oposizioko hiru udal taldeek San Bartolomeren adibidea jarri dute udal gobernuaren jarreraren kontra egiteko, Bildu bertako komentuari C maila ematearen alde dagoelako, “Arte Ederren eraikinari ezarritako babes partzial bera”.
Udal gobernuaren izenean, Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek oposzioaren jarrera gogor salatu du, erabakiarekin eraikina “botatzea” ahalbidetuko dutelako. “Eraistea dakar erabakiak. Zergatik? Berreraikitze batekin bakarrik egin daitezkeelako proposatutako aldaketak eraikinean, eta hori eraiste baten ondoren dator”, ohartarazi du. Eta galdera bat egin dio oposizioari. “Jabetza pribatuak baldintzatu behar al ditu plangintza planak? Ezezkoa da gure erantzuna”, esan du.
Ika mikak-ika mika, Donostiako Ondare Urbanistiko Eraikia Babesteko Plan Bereziari behin betiko onartzea eman diote. Arte Ederren eraikina izan da gai korapilatsuena, baina beste hainbat eraikin edo espazioei eman diete orain arte ez zuten babes maila: Kursaal jauregia, Haizearen Orrazia, Oteizaren eskultura eta Coca Colaren eraikin industrialari, besteren artean. Plan Berezian 1.200 eraikin edo espazio daude, babes desberdinekin, A, B, C, D, E eta F mailetan banatuta. A da udalak ematen ez duen babes maila bakarra, Eusko Jaurlaritzaren eskumena baita hori. Bada, plan berezi honetan Igeldoko funikularra eta jolas-parkea maila horretan izango dira gaurtik aurrera.