Emakume sortzaileen erakusleiho bihurtu da aurten ere Ekain Arte Lanak
Bost artisten margoak, eskulturak eta koadroak batzen ditu, besteak beste, ‘Una imagen brutal’ erakusketak; bihartik apirilaren 4a arte egongo da zabalik.
Ekain arte galeriak bost emakume sortzaileren lanak bildu ditu, Una imagen brutal izeneko erakusketan. Emakume Begiradak jaialdiarekin bat egiten du erakusketak, eta Rosa Parma, Elba Martinez, June Crespo, Lorea Alfaro eta Elena Aitzkoa artista euskaldunen sorkuntzak jasotzen ditu. Bihartik apirilaren 14a arte egongo da galeria bisitatzeko aukera, sarrera doakoa izango da eta aurrekoetan bezala, lan guztiak salgai egongo dira. Eskulturak, koadroak, collage-ak, fancineak eta kamisetak ikus daitezke Ekainen, besteak beste.
Komunikabideek erakusketa bisitatzeko aukera izan dute gaur goizean, eta bertan ziren hiru artistekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk. Halako jarduerek emakume artisten lanak ikustarazten laguntzen dutela aipatu dute artistek, baina pena dela halakoen beharra behar izatea. “Emakume artistak beti egon dira, gaur egun, gainera, emakume artistak gizonezko artistak baino gehiago gara. Kontua da, ez gaituztela ikustarazten”, aipatu du Rosa Parmak.
ELBA MARTINEZ (Iruñea, 1974). Esku telefonoz bidaltzen diren sms mezuetan oinarritu da Elba Menendez bere obra egiteko garaian; hainbat esaldi sortu, eta koadro koloretsuetan jarri ditu. “Berehalako komunikazioaren beharretik sortzen diren esaldiak dira. Sortzen ditudan esaldiak bidaltzen dizkiet sms bidez nire lagun eta ezagunei, elkarrizketak sor daitezke horien harira, edo besterik gabe, ez didate erantzuten”, azaldu du Martinezek. Esaldiek diotenaren arabera, tipografia eta kolore zehatz batzuk erabiltzen ditu artistak, hala, esaldi serie bat osatzera joan da. “Tantas veces y no esta nada claro”, “Te he dicho mil veces que no soy una piscina”, “Me confunde todo pero sobre todo me confunde el mar” moduko esaldiak irakur daitezke Martinezen koadroetan. “Ez dira poemak, baina poetikotasunera hurbiltzen dira, eta jolas plastikoa eta linguistikoa ere badute”, gehitu du Iruñeko artistak. Koadro bakoitzak 600 euro inguru balio ditu; eta bestetik, 4 eurorengatik, nahastuta mutil batek bidali zion sms batetik abiatutako elkarrizketa ere eros daiteke, paperean idatzia.
ROSA PARMA (Barakaldo, Bizkaia, 1979). Chicas enojadas izenburupean, hainbat lan osatu zituen Parmak, 1990eko emakumeen punk mugimenduan oinarriturik. “Bereziki, inspiratzen nauten emakumeen irudiak hartzen ditut, batzuk haserre daude, besteak aldarrikapenak egiten… argazkietatik marrazkiak egiten ditut, eta batzuk serigrafiatu eta kamisetetan jartzen ditut. Kamisetei argazkiak ere ateratzen dizkiet, modelo moduan nire inguruko lagunak erabiliz, eta Fancine bat ere osatu dut marrazkiak eta argazkiak aukeratuz”. Hala, erakusketan, Parmak egindako marrazkiak, kamisetak eta fancinea bera ere eros daitezke.
JUNE CRESPO (Iruñea, 1982). Collage bereziak osatzen ditu Crespok, eta serie batetik ateratako hiru lan jarri ditu ikusgai Ekainen. “Irudiaren bi aldeetan pentsatuz osatu ditut. Bi kristalen artean jarritako collage-ak dira, egitura baten gainean. Paretean zintzilik jarrita irudi bezala gera daitezke, baina nik tailerrean eskultura moduan landu ditut. 1970eko aldizkarietatik moztu ditut emakumeen irudiak, eta hainbat hutsune utzi ditut”, azaldu du Crespok.
LOREA ALFARO (Lizarra, Nafarroa, 1982). Deus negresses ele ondoren izeneko eskultura eta Azala izeneko ikus-entzunezkoa gehitu ditu Alfarok erakusketara. Eskultura, aurrez erabilitako materialarekin osatu du, hain zuzen ere, mural bat egiteko erabili zituen plantillekin egin du eskultura, eta esaldiren bat irakur daiteke bertan. Ikus-entzunezkoaren momentu batean, berriz, Lorea eta Elena Aitzkoa elkarrekin ikus daitezke.
ELENA AITZKOA, (Zigoitia, Araba, 1984). Mundo 2012 eskultura eta Urritz koadroa dira Aitzkoak erakusketari egindako ekarpenak. Koadroa, bukatu gabe utzi zuen serie baten barnean dago, eskulturari ekin baitzion. Biak ere kolore ilunekoak dira.
Ekain Arte Lanak galeriaren ordutegia honakoa da: Asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara.