Larunbatean bilera bat egingo dute egoera aztertu eta Inauterietako desfilearen inguruan erabaki bat hartzeko
Aurreikuspenen arabera, unerik zailenak ostiral arratsaldean (15:00etatik 19:00etara) eta larunbatean (12:00etatik 19:00etara) emango dira.
Larunbatean, 13:30ean, Inauterietako konpartsekin bilera egingo dute udaletxeko osoko bilkuren aretoan, desfilea bertan behera utzi behar den edo beste ibilbide batzuk aukeratu behar diren aztertzeko; izan ere, arratsaldeko itsasgorak (17:00) arazoak eragin ditzake.
Udaleko Krisi Mahaiak beste olatu-denborale bati aurre egin behar dio asteburu honetan, izan ere olatuen arriskuari dagokion alerta laranja ezarriko dute bihar ostirala, 6 eta 7 metroko olatuak espero baitituzte. Haize ufada gogorrak eta euri zaparradak ere iragarri dituzte, eta hainbat segurtasun neurri hartu dituzte.
Salamanka pasealekuko zirkulazioa moztu egingo dute, Erregina Erregentearen kaletik, 12:00etatik aurrera. Gainera, goizean, edukiontziak kenduko dituzte. Principe zinema-aretoko leihatila tabernan jarriko dute, eta autoak Zuloagako parkingean dituzten bizilagunei autoak atera ditzaten eskatuko diete.
Zirkulazioa larunbateko 07:00etara arte egongo da moztuta, printzipioz. Une horretan, Jauregi Jeneralaren kalera atzeratuko da itxiera. Egoiliarrak eta zamalanak egin behar dituztenak 15:00etara arte sartu ahal izango dira. Une horretan, Erregina Erregentearen kalean jarriko da itxitura berriro ere.
Haizearen Orrazia eta Leizaola pasealekua ere itxiko dira. Ramon Maria Lili kalean hesiak jarriko dira, Zurriolako zubia ixtea beharrezkoa bada. Itxiko balitz, beste ibilbide batzuk diseinatuko lirateke Inauterietarako. Aurreikusten denez, unerik zailenak biharko 15:00etatik 19:00etara eta larunbateko 12:00etatik 19:00etara izango dira.