Saharako bandera jarri dute udaletxean. (Argazkia: Donostiako Udala)
Gaurko egunez sortu zuten Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa, duela 38 urte.
Donostiako Udalak elkartasuna adierazi nahi izan dio beste behin ere herri sahararrari. Saharako bandera jarriaz, bizi duten egoera salatu eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatu nahi izan dute.
Donostiako Udaleko Lankidetza sailak urteak daramatza saharar herria sostengatzen duten proiektu eta jarduerak babesten. Jon Albizu, Lankidetza zinegotziak giza eskubideen errespetua eta errefuxiatuen itzulera bermatzea eskatu du. Albizuren hitzetan, “38 urte pasa dira gaurko egunez Arabiar Errepublika Saharaui Demokratikoa sortu zenetik. Nazioarteko kontestuaren aldaketak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidearen gain eragina izango duelakoan, azken hiru hamarkada hauetan, eta beti ere frente polisarioaren gidaritzapean, errefuxiatu sahararrek beren errepublika demokratikoaren sorkuntza ospatu dute egun honetan. Eta guk elkartasuna adierazi nahi diegu, ez dezagun ahaztu urte luze hauetan herri hau sufritzen ari den egoera larria”.