Aurrekontuetan genero berdintasuna bermatzea nahi du udal gobernuak
Gomendio txosten bat aurkeztu dute hainbat udal ordezkarik; “Aurrekontuak berdintasun politiken motorra izan daitezela da helburua”, adierazi du Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziak.
Udaleko aurrekontuetan emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna bermatu nahi dute udal gobernuko arduradunek. Hori dela eta, osatu berri duten txostena aurkeztu dute: Aurrekontuak genero perspektibarekin egiteko gomendio txostena. Txostenak berak zehazten duenez, hiru helburu ditu: Aurrekontuak kualitatiboki pertsonengan duen eragina ikustea, berdintasun politikak aplikatzea, eta aurrekontuak genero perspektibarekin egiteko metodologia egokia txertatzea. “Aurrekontuak berdintasun politiken motorra izan daitezela da helburua”, adierazi du Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziak. Sampedrorekin batera, Juan Karlos Izagirre alkatea, Nora Galparsoro Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzia eta Jabi Vitoria udal aholkularia egon dira goizeko prentsaurrekoan.
Udalaren Berdintasun Sailak Yolanda Jubeto Euskal Herriko Unibertsitateko ekonomia irakaslearen laguntza izan du lana osatzeko. Txostenak guztira 49 orrialde ditu, eta lau fitxek osatzen dute:
- FITXA. Programa bakoitzaren diru kopurua aurrekontu bolumen osoaren arabera sailkatua agertuko du.
- FITXA. Berdintasun politikak bultzatzeko gaitasun gehien duten aurrekontu programak identifikatuko ditu.
- FITXA. Udaleko atal bakoitzean dagoen langile kopurua eta hauek sexuen arteko berdintasunaren inguruan jaso duten prestakuntza bilduko du.
- FITXA. Eusko Jaurlaritzaren VI. Berdintasun Planaren lau helburu estrategikoekin lotura duen ekimenen bat aurreikusten den edo ez aztertuko du.
Lau atal horien bidez informazioa jaso ostean, udaleko Berdintasun Sailak txostena osatuko du, gomendio zerrenda batekin. Informe hori urtero egiteko asmoa dute, eta aurrekontuen eztabaidan txertatuko dute. Edonola, emaitzak epe motzera baino, epe luzera igarriko dutela espero dute udal arduradunek.
“Udalak pauso sendoak eman nahi ditu emakumeek pairatzen dituzten diskriminazioak gainditzeko, baita gizon eta emakumeen arteko aukera berdindatsuna sustatzeko; eta bide horretan kokatu dugu txostena. Bat egiten dugu mugimendu feministaren aldarrikapenekin”, azaldu du alkateak. Txostena arlo honetan aitzindaria dela azpimarratu du Izagirrek, eta eraldaketarako tresta baliotsua izango dela. Sampedrok azaldu duenez, Andaluziako batzarreko kideak euren metodologiaren berri ematera etorri ziren, eta azkenean, Donostiarako egokiena metodologia propioa ezartzea zela ebatzi zuten. “Metodologia erraza izatea bilatu dugu. Betaurreko moreak janztea da lehen pausoa, perspektiba udal osoan zehar txertatzeko”, gehitu du Sampedrok. Azken batean, udal langile guztiek generoaren berdintasunaren inguruko gutxiengo jakintza bat izatea nahi dute, eta aurrekontuak egiteko garaian ere kontuan izatea.
Alkateak azaldu duenez, gaur egun udal aurrekontuen diru gehiena azpiegitura eta zerbitzuak, mugikortasuna eta kultura sailek betetzen dute, hurrenez hurren. Azpiegitura eta zerbitzuak bereziki gizonezkoek betetzen duten saila dela aipatu du alkateak adibide gisa, beraz, kontratuak egiteko garaian, genero ikuspegia ere kontuan hartu beharko litzatekeela.