LABek epaitegietara eramango du udaleko langileen gatazka
Ernesto Gasko zinegotziak eta ELAk azken asteetan egindako adierazpenekin ez daudela ados diote sindikatuko kideek, eta Arartekoak ez diela babesik eman.
Ez dago atsedenik 2005ean udalean hasitako gatazkarekin. Garai hartan PSE-EEko Odon Elorza zen Donostiako alkatea, eta udal gobernuak lanpostuen eguneratzea erabakitzeko orduan, hainbat funtzionarioren lan baldintzak aldatu zituen. LABeko kideen arabera, sei hilabetera langile horien baldintzak berrikusi behar zituzten, euren lanpostuek eskatzen zutena betetzen zuten edo ez jakiteko, eta ez zen horrela egin. Gainera, LABek salatzen duenez, 2005ean egin beharreko hura, oraindaino ez da bete. Azken asteetan, Ernesto Gasko PSE-EEko zinegotziak eta ELA sindikatuak hainbat adierazpen egin dituzte, eta LABeko kideak ez daude batere ados esan dutenarekin. “Azken urteetan 40 langile inguru ez zegokien soldata bat kobratzen aritu dira, baina legezkoa da, ez baita euren kasua gainbegiratu”, aipatu dute gaurko agerraldian LABeko kideek.
LABekoek azaldu dutenez, Arartekoarengana jo zuten laguntza bila, eta ez dute gustuko erantzunik jaso. Hala, epaitegietara joko dutela azaldu dute.