Nora Galparsoro: "16:00etan espero da okerrena, itsasgorarekin"
Arratsalderako udalak alerta laranja ezarri duela jakinarazi du Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak; Parte Zaharrean berriro ura sar daitekeela aurreikusi dute, eta zerbitzu guztiak prest dituzte.
Berriro ere denboraleak hirian eragina izango duela dirudi, iragarpen metereologikoak direla eta. Nora Galparsoro Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak goizean azaldu duenez, udalak alerta laranja ezarri du gaur arratsalderako, eta gerta daitekeenaren aurrean, zerbitzu guztiak abian dituzte. “16:00etan espero da okerrena, itsasgorarekin. Salamanca pasealekua itxiko dugu; baita Leizaola kalea ere, eta Ondarretan, Tenis ingurua”, aipatu du Galparsorok. Hala, herritarrei tentuz jokatzeko eskatu die, maiz itsasoak sustoak ematen baititu. Itsaso bizia egon den azken txandetan gertatu den moduan, berriro ere Parte Zaharrean ura sar daitekeela aurreikusi dute; hala ere, ez dute azken denboraleak utzitako txikizioak errepikatzea espero.