Aste Nagusirako ekarpenak jasotzeko bilera egingo dute martxoaren 12an
Liburutegi Nagusiko Ekintzen aretoan egingo dute bilera datorren asteazkenean, 19:00etan. Nerea Txapartegi, Kultura eta Euskara arduradunak adierazi duenez, festa guztien artean antolatzea da bileraren helburua eta horregatik eskaini zaie elkarteei euren ideiak emateko aukera. “Aste Nagusia denon festa izan dadin lana eta ilusioa eskaintzeko gogoa duten elkarte guztiak gonbidatzen ditugu bileran parte hartzera, horixe baita udal talde honen ikurra: jarduerak parte hartzearen bidez eta elkarlanean sustatzea”, esan du Txapartegik. Iaz egin zuten aurreneko bilera irekia elkarteekin eta beraiek proposatutako hamabost jarduera txertatu zituzten egitarauan”.
Elkarteek proposatutako jarduerek festak euskaraz bizitzea sustatu beharko dute, eta baita emakumeen parte hartze aktiboa eta parte hartze kolektiboa ere. Gainera elkarteek jarduera horretaz arduratzeko gaitasuna izan beharko dute, eta ingurumenaren ikuspuntutik jarduera iraunkorra den ere aintzat hartuko dute.
Datorren asteko bileran parte hartu nahi duten elkarteek aurretik izena eman beharko dute, 943481168 telefonora deituz edo Donostiakofestak@donostia.org helbide elektronikoaren bidez.