Hiriko hainbat emakumee elkartetako ordezkariak bildu dira udaletxean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Larunbatean, martxoak 8, 19:00etan abiatuko da Donostiako Koordinadora Feministak deituriko manifestazioa Bulebarretik.
Aurtengo leloak adierazten duen moduan, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna feminismotik eraiki behar dela aldarrikatuz, mendeetan berdintasunaren alde lan egin duten pertsona eta mugimendu guztiei aitorpena egin nahi izan zaie. Larunbatean ospatuko da Emakumeen Nazioarteko Eguna, baina berdintasunerako bidea “eguneroko lana” dela azpimarratu dute gaur udaletxean elkartu diren hainbat emakume taldetako kideek. Bertan izan dira Emakume bananduen elkarteko kideak, Lilaton taldekoak, Calculta Ondoan gobernuz kanpoko erakundekoak, edo Dandai taldekoak, esaterako.
Baina beste asko izan dira hilabete osoan zehar baina bereziki aste honetarako antolatu dituzten jarduerekin berdintasunaren agenda betetzen lan egin dutenak. Egitarau oparoa da: erakusketak, hitzaldiak, antzerki saioak, kontzertuak eta beste hainbat jarduera egiten ari dira hiriko hainbat txokotan.
Dena den, jarduera guzti horien atzean aldarrikapen bera dagoela esan dute. “Urte luzez borrokatu dugu emakumeok oinarrizko eskubideak lortzeko, eta ezin dugu atzera egin”, esan du
Dandai elkarteko ordezkariak. Egiako talde honen helburua emakumeak duintasunez bizitzea lortzea da: “lehenago denborarik hartu ez eta heldutasunera iritsitakoan sortzen diren berdurrei aurre egin eta askatasunez erabakitzeko ahalmena bermatzea”.
Lilaton taldeak 25 urte bete ditu aurten, eta lekukoa pasatzeko garai dela uste dute. Larunbateko manifestaziorako deiarekin bat egin dute noski, baina igandea ere modu berezian ospatuko dute. Izan ere, lilatoi lasterketaren ondoren, Emakumeen Etxeak festa bat eskainiko die. 16:00etatik aurrera izango da jaia, Parte Zaharreko Elizaran ikastetxean.
Naira Sampedro, Berdintasun zinegotziaren ustetan ere oraindik lan asko dago egiteko. Bere hitzetan, “azken urteotan aurrera pauso asko eman badira ere, berdintasun erreala ez da lortu oraindik: emakumeek gutxiago kobratzen dute, indarkeria sexista badago oraindik…”.
Abortuaren legea ere gogor gaitzetsi du zinegotziak, emakumeen oinarrizko eskubideen urraketa nabarmena dela salatuz: “onartezina da, eta ezin diogu uko egin urte luzeetan mugimendu feministak egindako borrokari esker lortutako eskubideari, emakumeon baitan baitago gure gorputzarekin zer egin erabakitzea”, esan du.
Udalaren konpromisoa
Aurtengo leloa gogoratuz,
Feminismotik berdintasuna eraikitzen, aldaketa norbanako, eragile, ordezkari eta orokorrean jendarte osoaren esku dagoela adierazi du Sampedrok. Zentzu horretan, Donostiako Udalari dagokionez, martxoaren 8an ez ezik, urte osoan zehar ere emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiten dutela gogoratu du zinegotziak. Hala, III Berdintasun Plana onartzear daude, eta udaleko sail guztietan genero ikuspegia txertatzen ari dira. “Poliki baina etengabe urratsak egiten goaz, oso presente edukiaz sexuen arteko aukera berdintasuna denon ardura dela” esan du Sampedrok.
Ostiralean, Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperan, aurreko asteko udalbatzan onartutako
erakunde adierazpena irakurriko dute alderdi politikoetako ordezkariek. Alderdi Ederren egingo dute irakurketa, 12:00etan.