'Oteizaren kaxa beltza' irekiko dute Viktoria Eugenia Antzokian
Dantza ikuskizuna martxoaren 15ean eskainiko dute, Verdini, Kresala eta Badut Clownek.
Oteizaren kaxa beltza, halaxe izena du Verdini eta Kresala dantza taldeek osatutako ikuskizun berriak, Badut Clownekin batera. Viktoria Eugenia Antzokian eskainiko dute ikuskizuna, martxoaren 15ean, 20:00etan, eta sarrerak 6, 15 eta 18 eurotan eros daitezke. Protagonistek beraiek aurkeztu dute ikuskizuna gaur goizean. “Oteizaren obra idatzia eta pentsamendua azaltzen duen obra bat da. Bere azken urteetako mitoa alde batera utzi, eta errespetutik landu dugu”, azaldu du Kresalako Faustino Aranzabalek. Eszenatoki gainean, 40 dantzari eta bi clown egongo dira, ordubeteko emanaldiaren bueltan.
Azken batean, Aranzabalek berak egin zien beste bi taldeei deia, elkarrekin lan hori osatzeko, eta hala, Verdinirekin batera landu ditu koreografiak. Verdini dantza taldea down sindromea duten dantzariek osatzen dute, eta Aranzabalen hitzetan, beraiei asko kostatzen zaiena erraztasunez egiten dute: “Sekulako erraztasuna dute pentsamendutik emozioetara iristeko, ez dago distantziarik bi horien artean, eta oso modu zuzenean iristen dira publikora”. Isabel Verdiniren hitzetan, batzuek ez dute gogoko urritasunak dituzten pertsonak dantzan aritzea, ez direlako hain politak, baina noski, berak guztiz aurkako iritzia du. “Gauzak hain politak izan gabe ere publikora iristeko gai izan daitezke”, aipatu du Verdinik.
Metaforek eta irudiek bat egingo dute ikuskizunean, dantzarien eskutik, eta XVI. mendetik hasi eta XXI. mendera bitarteko musikaren bueltan mugituko dira protagonistak. Clownak, berriz, poetikotasun hori apurtzera igoko dira taula gainera. “Guk istorioaren haria daramagu, eta azalduko garen bakoitzean umorea sartuko dugu. Sentimendu handiko guneari itzulia emango diogu eta publikoari irrifarra ateratzen saiatuko gara”, aipatu du Badut taldeko Anduriña Zurutuzak.