Salbamenduak dira Gipuzkoako Suhiltzaileek egiten dituzten esku hartze ohikoenak
2013an suhiltzaileek 1.882 ezbeharretan parte hartu zuten.
Gipuzkoako Foru Suhiltzaileek 2013. urtean burututako lanaren balantzea egin dute gaur goizean. Bertan izan dira Garbiñe Errekondo Funtzio Publikoko eta Foru Administrazioko diputatua eta Maider Ziganda Modernizazioa eta Zerbitzuetako foru zuzendaria. Oro har, suhiltzaileen esku hartzea “profesionala” izan dela adierazi du Errekondok eta eta zerbitzua horrela jarraitzeko Foru Aldunduak “dena” egingo duela azpimarratu du. Horregatik, zerbitzu horren kalitatea eta segurtasuna bermatzen jarraitzeko material berria erosi du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta gaur ere horien aurkezpena egin dute. Berrikuntza nabarmenenak ibilgailuen auto transmisio automatikoduna eta apar bonba dira.
Datuei erreparatuz, suhiltzaileek iaz 1.882 ezbeharretan hartu zuten parte. Horietatik 1.100 salbamenduak izan ziren, 743 suteak, 23 laguntza teknikoak eta gainontzekoak alarma faltsuak. Honekin suhiltzaileak suteetara bakarrik ez direla joaten argi utzi izan nahi du Maider Zigandak: “Herritarrek suhiltzaileak suteetara bakarrik joaten direla uste dute eta datuek hori horrela ez dela erakusten dute”. Esku hartze horiek oso “eraginkorrak” izan dira. Izan ere, horien %71 suhiltzaileek hamabost minutu edo gutxiago behar izan dituzte lekura iristeko.
Salbamenduei dagokienez, 258 irteera egin zituzten listor beltzen habiak kentzeko, 244 arriskuan zeuden pertsonak artatzeko, 216 naturaren arriskuei aurre egiteko eta 120 urak, gasak eta produktu arriskutsuek sortutakoak konpontzeko.
Suteei erreparatuz, ohikoenak eraikinetan sortutakoak izan ziren (245). Isolatutako suteak itzaltzeko 173 aldiz parte hartu zuten eta auto istripuetan sortutakoetan 127 aldiz.
Esku hartze horiek guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bai Esan koordinazio zentroak kudeatzen ditu. SOS Deiak 112 zenbakiaren bidez dei guztiak jasotzen ditu eta horiek koordinazio zentroari bideratzen dizkio. Zigandak nabarmendu du 2013an 2012an baino 1.286 dei gehiago egin direla, baina azken urteotan suteen kopurua jaitsi dela.
Azkenik, biktemei dagokien balantzea egin dute. Iaz kasurik ohikoenak zaurituak izan ziren (203 pertsona), arrisku lekutik eramandako pertsonak 156, hildakoak 44 eta intoxikatutako lagunak 5. Suhiltzaileen artean, bakarra zauritu zen 2013an egindako esku hartze guztietan.
Material berria
Gipuzkoako Foru Aldundiak 718.835 euroko inbertsioa egin zuen iaz gaur goizean aurkeztu duten material berria erosteko. Garbiñe Errekondok tresnak “garestiak” direla aitortu duen arren, behar bezalako zerbitzua eskaintzeko nahitaezkoak direla esan du. Hala, hamabi kamara termiko (100.000 euro), bi kamioi autotanke (300.000 euro bakoitza), kale estuetan sartzeko ibilgailu bat (63.000 euro) eta autoeskailera bat (600.000 euro) dira egingo dituzten inbertsio nagusiak. Errekondok azaldu du enkarguz egiten direla, prestaketan denbora behar dutelako.
Mikel Larrañaga Oñatiko suhiltzaileen etxeko laguntzaileak erosi den material berrian bi abantaila nagusi daudela azaldu du. Batetik, ibilgailuen auto transmisio automatikoduna, segrtasuna eta erosotasuna eskaintzen duelako. Bestetik, aparra botatzen duten bonba bat. “Lehen aparra sortzea zailagoa zen, eta bonba honekin ura botatzeaz gain, aparra ere bota dezakegu. Zenbait suteentzako egokiagoa da”.
Bestalde, kamara termikoak berrikuntza handia dira. Izan ere, irudian tenperatura erakusten du eta oso lagungarria da sute batean puntu beroak non dauden jakiteko. “Oso arina da, pisu gutxikoa, pantaila oso estandarra du eta grabatzeko aukera ere eskaintzen du”.