Emakumeen Nazioarteko Egunean abortuaren aldeko aldarrikapena izan da nagusi
2.000 pertsona inguruk parte hartu dute Erdialdeko kaleetatik barrena egin duten manifestazioan.
Gure askatasuna borrokatuz lelopean abiatu dira Bulebarretik Donostiako Koordinadora Feministak antolatutako manifestazioan. 2.000 pertsona inguru hiriko kaleetatik zehar ibili dira emakumeen aldeko eskubideak aldarrikatuz. Abortu eskubidea izan da manifestazioaren ardatza eta bakoitzak nahi duena egiteko eskubidea izan behar duela argi utzi dute, “gure gorputza, gure erabakia” hitzen bitartez. Ibilbidean, Emakumeen Etxetik ere pasa dira eta bertan zeuden emakumeek txaloka jaso dituzte.
Bulebarrean amaitu dute mobilizazioa eta bertan emakumeek azken urteotan egindako ahalegin “izugarriak” ekarri dituzte gogora. “Hala ere, irabazitako eskubide horiek egundoko erasoa jasotzen ari dira”, azpimarratu dute. “Abortuaren legearen aldaketarekin, eredu patriarkalen interesak betetzen dituen emakume eredua inposatzen digute eta inoiz ez dute emakumeen errealitatea kontuan hartzen. Ugalketa eskubideak unibertsalak izan daitezen exijitzen dugu. Espainiako Gobernuak sortutako sistema eta lege hauekin bukatzeko aurre egingo diegu eta borrokatzen jarraituko dugu”.
Azkenik, indarkeria sexistarik gabeko gizartea aldarrikatu dute eta emakumeak euren bizitzaren jabe direla nabarmendu dute. “Gure askatasuna eta bizitza defendatzen ditugu, ez gara beraiek nahi duten bezala inoiz izango eta errotik mundu hau aldatuko dugu”.
Zazpi emakume salatu dituzte
Arratsaldeko manifestazioan Donostia Koordinadora Feministak gaur Kursaalen ospatu duten PPko kongresuan gertatu dena salatu nahi izan du. Izan ere, abortuaren lege erreformaren aurka “abortu librea” oihu eginez eten dute Rajoyren hitzaldia. “Gure gorputza, gure erabakia” ere aldarrikatu dute, eskuak altxatuta zituztela. PPkoek txistuka hartu dituzte, eta “bizitzari bai” erantzun diete batzuek.
“Gaur PPko kongresua zela eta Kursaalaren barnean eta kanpoan jasan dugun indarkeria salatu nahi dugu. Abortuaren aldeko ekintza zuzena burutu dugu feministok eta horren ondorioz zazpi feminista identifikatu gaituzte eta desobediantzagatik salatu digute. Autodefentsa eta ekintza zuzena, feministon adierazpen tresnak, kriminalizatuak izan dira berriro ere. Elkartasun guztia adierazi nahi diegu gure kideei eta PPkoei eta euren poliziei ozenki oihukatzen diegu: gure gorputzetik eta herrialde honetatik kanpo!”, adierazi du Donostia Koordinadora Feministak.
- Emakumeen Nazioarteko Eguneko manifestazioa. (Argazkia: Lide Ferreira)
- Emakumeen Nazioarteko Eguneko manifestazioa. (Argazkia: Lide Ferreira)
- Emakumeen Nazioarteko Eguneko manifestazioa. (Argazkia: Lide Ferreira)
- Emakumeen Nazioarteko Eguneko manifestazioa. (Argazkia: Lide Ferreira)
- Emakumeen Nazioarteko Eguneko manifestazioa. (Argazkia: Lide Ferreira)
- Emakumeen Nazioarteko Eguneko manifestazioa. (Argazkia: Lide Ferreira)
- Emakumeen Nazioarteko Eguneko manifestazioa. (Argazkia: Lide Ferreira)