
Aurreko asteburuan hasi ziren arren, egun hauetan oraindik Ibaetako jaiak ospatzen ari dira eta astelehen arte ez dute etenik izango.
Gaurkoan, arratsaldea haurrentzako jolasekin hasi dute eta lokotx bilketa eta arrautza lasterketa bezalako jolasekin ibili dira. Txikienak, zenbaitetan gurasoen laguntzarekin, arrautza eta lokotxekin egon diren bitartean, gaztetxoek gozo eltze moduko jolasa aukeratu dute. Makil bat eskuan zutela, zintzilik zeuden kutxetako bati gogor astindu behar izan diote opariren bat lortzeko. Ilaran itxaroten zeuden lagunek zuzendu dituzte jolasean zeudenak: “Aurrera, atzera, eskuinera, ezkerrera, geldi, eman gogor!”, oihu egiten zuten. Honela, denek eskuratu dute zerbait: gozokiak, borragomak, ardatzak, puxikak…
Hala ere, ikusmin gehien eragin duen jolasa zintarena izan da. Txirrinda beharrezkoa zen hemen parte hartzeko. Txirrinda gainean jarrita, arkatz batekin zinta bat hartu behar zuten haurrek. Zinta batzuek sorpresa zuten (5 euro lortu ditu mutiko batek), baina beste batzuk ezer gabe gelditu dira. Jolas honek arrakasta handia du eta gauean ere egingo dute, 02:00etan. “Koxkortuentzako”, hau da, hemezortzi urte baino gehiago dituztenentzako izango da gaueko ordu txikitan egingo duten zinta lasterketa.