Morlans eta Aiete lotuko lituzkeen igogailuaren maketa.
Aieteko Lantxabe auzo elkartearekin bilera asko egin dituztela adierazi du Ernesto Gasco, zinegotzi sozialistak. Auzoaren alde “etengabe lanean” diharduten herritarren ahalegina nabarmendu du Gascok, eta udal gobernuari ahalegin hori ez ikustea leporatu dio. “Legealdi honetan Bilduk ez du Aieten ezer egin; bazterrera utzita dagoen auzoa da”, esan du Gascok.
Ernesto Gasco, PSE-EEko bozeramailea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Sozialistek interpelazio bat aurkeztuko dute, Aieterako plan orokor bat eskatuz, baina plan horretan proiektu zehatzak defendatuko dituzte. Gascok adierazi duenez, auzo elkarteko kideek landutako egitasmoak dira, “auzotarren ekarpenekin sortutakoak”, beraz, “parte hartze ereduari hainbesteko garrantzia ematen dioten honetan, Aieten badute zer egina”, esan du udal gobernuari erreferentzia eginez.
Miramongo basoa egokitzea, Munto plaza egokitzea eta moja komentuan osasun etxea egitea leudeke aietearren eskaera nagusien artean. Irisgarritasunari dagokionean, berriz, Morlans eta Aiete lotuko lituzkeen igogailua egitea “ezinbestekoa” dela uste dute sozialistek.