Donostiako suhiltzaileek aurkeztu duten jantzi berriaren diseinuan parte hartu dute
Uniformea arinagoa da eta galtzek arnes bat erantsita daukate.
Azken hamar urteotan erabilitako jantzia berritu dute Donostiako suhiltzaileek. Behin betiko ezaugarriak zehaztu aurretik, fabrikatzaileek egindako hainbat aukera eta material probatu dituzte, baita benetazko esku hartzeetan ere, Trintxerpeko sutean, esaterako. “Aldaketak sekulako hobekuntza dakar zerbitzuarentzat. Segurtasunean inbertitzen ari gara, eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko ezinbestekoa da”, esan du Nekane Burutan Babes Zibileko zinegotziak. Jantziak suhiltzaile bakoitzaren ezaugarrietara egokitu dira, “beraiek baitira egunero erabili behar dituztenak”. Horregatik, uniformea diseinatzeko prozesuan parte hartu dute.
Jantzi berriak renting sistemaren bidez eskuratu dituzte, hau da, sei urtetarako alokatu ditra eta gero horiek erosteko aukera egongo da. Guztira, 231.715 euro ordainduko dituzte, eta kontratuak 100 jantzien alokairua biltzeaz gain, garbiketa eta konpoketa lanak ere barnean daude. Izan ere, Errotaburuko lan istripuan egon zirenean, betoiez zikindu ziren eta garbiketa hori kontratuan egongo litzateke.
Imanol Andonegi suhiltzaileak azaldu duenez, uniforme berria arina da eta izerditze handikoa. Babes termiko mailak zein mekanikoak arauak exijitutakoen oso gainetik daude eta “segurtasun” handia ematen diete. Suhiltzaile bakoitzaren neurriak hartu dira eta ekipamendua haien arabera egin da. Aurreko jantziak ez zituen funtzionaltasunak ditu, galtzetan erantsita dagoen arnesa, besteak beste.