The Wombats Kutxa Kultur Festibalean izango da
Igeldoko jolas parkean egingo dute musika jaialdia aurten ere, irailaren 5ean eta 6an; Liverpooleko hirukotearekin batera, Toy, Reptile youth, Lori meyers eta El columpio asesino eta Kokoscha zuzenean arituko dira.
The Wombats Liverpooleko hirukotea Kutxa Kultur Festibalean zuzenean arituko da. Gaur goizean aurkeztu dute 2014ko jaialdia, eta bertan izango diren beste bost talde gehiagoren izenak ere aurreratu dituzte: Toy, Reptile youth, Lori meyers, El columpio asesino eta Kokoshca. Musika independentearen jaialdia irailaren 5ean eta 6an egingo dute, Igeldoko jolas parkean. “Orain arte jolas parkea haurtzaroarekin lotzen genuen, duela bi urtetik, berriz, musikarekin lotzen dugu, eta musika une gogoangarriak uzten jarraitzea espero dugu. Eskema bera jarraituko dugu, eguneko 1.500 lagunentzako tokia egongo da, bi eszenatoki nagusi jarriko ditugu, eta beste hainbat eszenatoki txiki”, azaldu du Ginmusicako Sergio Cruzadok.
Guztira, 20 talde baino gehiagok parte hartuko dute Kutxa Kultur Festibalean. Bertako taldeei egiten zaien deialdiari dagokionean, aste honetan edo hurrengoan deialdia zabaltzea espero dute. Hala, jaialdiko kartel osoa apirila bukaeran aurkeztuko dute. Gainera, ekoizpenean, programan eta beste hainbat kontutan hobetzea espero dute antolatzaileek, izan ere, Last Tours-ek ere bat egin du jaialdiarekin.
Sarrerak martxoaren 18an jarriko dituzte salgai. Bi egunetarako txartelak 32 euro balioko du, eta egun bakarrerako sarrerak, aldiz, 20 euro.