Uliako aterpetxea.
Hala jakinarazi du Jose Luis Arrue, PPko zinegotziak. Sustapenak eta Turismo sailak udal aterpetxeen azterketa bat egin dute. 2012ko datuak dituzte, eta datu horien arabera, Ulia eta Ondarretako aterpetxeek 400.000 euro baino gehiagoko galerak sortu zituzten urte horretan.
Ubako aterpetxea 2013an ireki zuten, eta txostenean jasota ez badago ere, egoera ekonomiko “orekatua” duela esan du Arruek. Uba da kudeaketa pribatua duen aterpetxe bakarra.
Arruek adierazi duenez “onartezina” da horrela jarraitzea. Aspaldi eskatu omen zituzten aterpetxeen inguruko datuak, baina atzo jaso zutela txostena jakinarazi du Arruek. Haserre mintzatu da aurrekontuak onartu aurretik ez dutelako aterpetxeen galeraren inguruko iritzia ematerik izan.
Dena dela, Ulia eta Ondarretako aterpetxeen egoera eguneratu eta egokitu beharra dagoela esan du Arruek, “berehalako neurriak hartuz”. “200 milioi pertsona ibiltzen dira aterpetxez aterpetxe, baina nola etorriko dira Ondarretakora, adibidez, sarean agertu ere ez bada egiten”.
Martxoaren 17ko batzordean eztabaidatuko dute aterpetxeen egoera.