"Aurten pausotxo bat gehiago eman nahi dugu"
Asteburu honetan abiatuko da Espainiako Sofbol Liga; Donostiako Atletikok Dridma Rivas taldearen aurka jokatuko du lehen lehia, igandean, Loiolako Erriberan.
Indarberriturik dator Espainiako Sofbol Liga. Izan ere, aspaldiko urteetan ez bezala, talde berri asko gehitu zaizkio Ligari, eta guztira, zortzi talderen arteko lehia izango da, gehienezko talde kopurua beteta. Donostiako Atletikok aurten ere ez du hutsik egingo, eta igande honetan bertan jokatuko du Ligako lehen partida, Dridma Rivasen aurka, Loiolako Erriberako zelaian. Atletikorekin batera, Orioko OBB da lehiatuko den beste talde euskaldun bakarra, eta bi taldeetako ordezkariek prentsaurrekoa egin dute gaur goizean. “Aurten pausotxo bat gehiago eman nahi dugu”, aipatu du Orec Morales Donostiako Atletikoko entrenatzaileak
Espainiako federazioak hala erabakita, Liga bi multzotan jokatuko dute; Donostiako Atletikok A multzoan jokatuko du, CBS Sant Boi, Dridma Rivas eta Fenix Valencia taldeekin batera; Orioko taldea, berriz, B taldean arituko da, Antorcha Glassdrive, Projecte Softball Gavanenc eta Viladecans taldeekin. Azken batean, bi multzo egitearenak ez diela onurarik sortuko onartu dute bi taldeetako arduradunek, bidaia bat gehiago egin beharko baitute, eta agian, euskal derbirik jokatu gabe geratu daitezke. Izan ere, multzo bakoitzeko lau taldeek euren artean launa partida jokatuko dituzte, hau da, joan-etorriko bi. Ondoren, lau talde onenek tituluarengatik borrokatuko dute.
“Iaz etxeko jokalariengatik apustu egitea erabaki genuen, eta denboraldi polita osatu genuen. Azkenak ez geratzearen helburua beteta, Kopa jokatzera iritsi ginen. Aurten ez dugu aurkari askoren erreferentzia errealik, baina bigarren fasera igaro nahiko genuke”, azaldu du Moralesek. Rebeka Karrera Atletikoko jokalari beteranoena da, eta berak ere hitza hartu du gaurko agerraldian. “Jokalari gazte asko ditugu taldean eta beteranoen laguntzarekin esperientzia hartzea espero dugu”, aipatu du Karrerak.
Ligako lehen lauen artean sailkatzen direnek Kopa jokatuko dute. Aurten Orio izango da Koparen eszenatokia, uztailaren 12an eta 13an.