Puioko magalean egingo dute aurten ere landaketa. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Larunbatean, martxoak 15, goizeko 10:00etan hasiko dira zuhaitzak landatzen, 175 guztira. Lanak bukatu ondoren, Aieteko ikastetxean bazkaltzeko aukera izango dute parte hartzaile guztiek.
Gazteak elkarrekin bizitzen ikasten programaren barruan antolatu dute bizikidetza jarduera. Haritzalde eta Kaebnai elkarteek antolatu dute aurten ere Zuhaitz eguna Club Vasco de Camping Elkartearen laguntzarekin. Hirugarren urtea da aurtengoa, eta 300 bat gaztek parte hartzea espero dute.
Dena den, zuhaitz landaketa irekia da, eta edozein herritarrek parte har dezake. Izan ere, jatorri eta kultura desberdinetako herritarrak elkartzea eta aisialdirako gune bat sortzea da helburua.
Axier Jaka Ingurumen zinegotziak Zuhaitzaren Egunak duen garrantzia nabarmendu du. Bere hitzetan, “herritarrak naturara gerturatzeko eta hirian landaketak egiteko aukera paregabea da, kasu honetan gainera gazteei zuzenduta dago. Puioko magalean bertako basoko zuhaitz eta zuhaixkekin egingo da landaketa, lizarrak, intsusak eta astigar arruntekin. Azken urteotan malda horretan egiten ari den landaketari jarraipena emango zaio horrela, bertan baso zabal bat eratzeko lanean jarraituz”.
Haritzalde elkartea egiten ari den lana eskertu eta txalotu du zinegotziak, izan ere, urteotan landatutako zuhaitzen jarraipena egiten ari da elkartea, eta baita bioaniztasunaren eta ingurumenaren babesaren aldeko bestelako jarduerak ere. Marco Sierra elkarteko ordezkariak azaldu duenez, azken hamar urteetan 2.222 zuhaitz landatu dituzte Puion, eta landare horien jarraipena egiten dute. “Abenduan, esaterako, 913 zuhaitz eta zuhaixka markatu eta neurtu genituen eta pozgarria da duela hamar urte landatutako zuhaitzak nola handitzen eta sendotzen ari diren ikustea”, esan du Sierrak.
Zuhaitzaren egunaren aurkezpena, udaletxean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Zumarrak, lizarrak, urkiak, gereziondoak, intsusak, urritzak, astigar txikiak, haltzak, haritzak eta zuhandorrak dira Puioko maldan aurki daitezkeen landareak.
Elkarbizitza ereinez
Naiara Sampedro, Kultur Aniztasuneko zinegotziak, berriz, zuhaitz landaketa aitzakia hartuta egun horretan “elkarbizitzarako kimuak” ere landatuko dituztela azpimarratu du: “jatorri eta kultura ezberdineko gazteak elkartuko dira eta jarduera hau oso lagungarria izango da beraien arteko harremanak sustatzeko, elkar ezagutzeko eta elkar aberasteko, eta ondorioz, estereotipoak hausteko”.
Programaren helburua berdintasuna eta elkarrekiko errespetua eta aitortza sustatzea izanik, “horrelako jarduerak ezinbestekoak dira gizartean gogoeta eragiteko eta aniztasunak aberastu egiten gaituela konturatzeko; gauza asko dauzkagu elkarri erakusteko eta elkarrekin ikasteko”.
Aritz Azkona eta Eider Sainz Kaebnai elkarteko ordezkarien ustez berriz, programa honen bidez gazteak balioetan heztea lortu nahi dute. Kaebnai irabazi asmorik gabeko entitatea da, eta elkarteko boluntarioak izango dira jarduera gidatuko dutenak; Peru, Aljeria, Bolivia, Maroko, Ekuador eta beste hainbat herrialde desberdinetakoak. Landaketaren ostean bazkari bat prestatuko dute topaketan parte hartzen duten guztientzako Aieteko Ikastetxean.