Unax Ugalde eta Pablo Malo. (Argazkia: Jose Haro)
Matigotxotegin, La Cumbre jauregian eta Aranzadi elkartearen egoitza inguruan ere filmatu dituzte sekuentzia batzuk.
Pablo Malo zinemagile donostiarra urtarrilean hasi zen
Lasa eta Zabala filmatzen. Baionan hasi ziren lanean, handik Tolosara joan zen lan taldea, eta ondoren Donostiara. Hiriko hainbat tokitan egon dira lanean. Lehendabizi Aieteko La Cumbre jauregiaren kanpoaldean izan ziren. Matigotxotegi futbol zelaia eta Polloe inguruan eta Aranzadi elkartearen inguruan ere izan dira, baita Parte Zaharreko Lasala plazan ere. Lasala plazan, Kanpoko Osasun Zentroa zena hartu du Pablo Maloren lan taldeak. Bertan filmatzen ari dira Espainiako Auzitegiko eszenak.
Izan ere, 2000. urtean GALen aurkako epaiketa egin zen, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak bost lagun zigortu zituen: Angel Vaquero, Felipe Bayo Leal eta Enrique Dorado Villalobos guardia zibilak, Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibil ohia eta Enrique Rodriguez Galindo komandantea.
Joxean Lasa eta Joxi Zabala gazte tolosarrak GALen lehen biktimak izan ziren. Urriaren 15eko gauean Baionan bahitu, Donostian torturatu eta Alacanten, Busoten (Herrialde katalanak) hil zituzten, buruan tiroa jota. Filmak kontatuko du nola bahitu, torturatu eta hil zituzten Joxean Lasa eta Joxi Zabala ETAko kideak. Joanes Urkixok idatzi du gidoia, eta Unax Ugaldek jokatuko du aktore nagusiaren rola, Iñigo Iruin abokatuaren paperean. Lasa eta Zabala gazteen larruan sartuko dira Jon Anza eta Cristian Mertxan donostiarrak. Josean Bengoetxea aktore donostiarrak ere parte hartu du filmean.
Gaur kazetari eta argazkilarientzako bisita prestatu dute Auzitegi Nazional bihurtu duten bulegoan, eta bertan egindako irudiak dira argazki galerian jasotakoak. Filmaketa ostiralean bukatuko dute.
Lasa eta Zabala urrian estreinatu nahi dute zinema areto komertzialetan.