Pello Añorga ipuin kontalariak 'Hodei baten bidaia' ikuskizunaren lehen emanaldia eskaini du Orixe ikastolan
Haur literaturako hautazko ipuinen bidez, aniztasunaren balioak zabaltzeko helburua du ikuskizunak.
“Eskuan bost hatz ditugu. Osorik ederra. Denak dira desberdinak, baina bakoitza beharrezkoa”. Halaxe kontatu die Pello Añorgak Orixeko lehen hezkuntzako hirugarren mailako ikasleei. “Gela honetan batzuk hemengoak izango zarete, eta beste batzuk hangoak”, jarraitu du ipuin kontalariak. Ikaskide bat Nikaraguakoa dela esan dute batzuek, beste batek bere osaba Katalunian bizi dela…
Haur eta gaztetxoak aniztasunaren balioez sentsibilizatu nahi ditu ipuin kontalariak. Gaurkoa Hodei baten bidaia lehen emanaldia izan da, eta, guztira, lehen hezkuntzako 110 ikastetxetan izango da Añorga. Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiko Migrazio eta Aniztasun Zuzendaritzak sustatutakoa da. Ikuskizunaren abiapuntua Hodei baten bidaia disko liburua da eta egitasmoan 50 pertsona inguruk hartu dute parte. Tartean, Asier Gozategi, Natxo de Felipe Oskorri eta DZ Esne Beltza.
Marcos Nanclares Migrazio eta Aniztasun zuzendariak azaldu duenez, ikastetxeen erantzuna bikaina izan da. Izan ere, aldundiak eskaintza egin eta berehala ia Gipuzkoako ikastetxe guztiek ikuskizuna hartzeko asmoa azaldu zuten: “Oso pozik gaude ikastetxeen erantzunagatik. Bi arrazoiengatik: kalitatezko produktua eskaintzen ari garela konturatu direlako; eta, aniztasunaren balioetan hezi beharraren garrantziaz jabetuta daudelako”. Ekimenaren garrantzia ere nabarmendu nahi izan du: “Euskal Herria herri anitza da, eta hori balio bezala ulertzen dugu. Horregatik, aniztasun hori modu erakargarrian erakutsi nahi dugu eta Pello Añorgak primeran lortu du. Ikuskizun ederra eta gaztetxoentzako aproposa; haurrak eta familiak aniztasunaz sentsibilizatzeko tresna erakargarria”.
Pello Añorgak ia 30 urteko ibilbidea du ipuin kontalaritzan. Horretaz gain, ipuin tailerrak irakasleei eta familiei ematen ere trebatua da. Idazle ere bada, berrogei liburu baino gehiago argitaratu ditu eta 2008an Euskadiko Haur literatur saria jaso zuen.