Bidegorriko lanak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Antso Jakitunaren etorbideko lanak aurrera doaz, baina sozialisten arabera dagoeneko hasi dira lehen arazoak. Hala adierazi du Enrique Ramos zinegotziak. “Bizikletaren erabilera defendatzen dugu, baina azken hau ez da beharrezkoa; norabide berean doazen beste hiru bide badira Amaran, beraz hobeto litzateke 120.000 euro horiek beste auzoren batean erabiltzea”.
Erdialdea eta Anoeta lotzen dituzten hiru bideak nahikoak direla uste dute sozialistek: Federico Garcia Lorca pasealekukoa, Gernikako Arbola pasealekukoa eta Errondo pasealekukoa. Antso Jakitunaren etorbidea hiriko irteeratako bat dela esan du Ramosek, eta “orohar trafikoa orekatzea lortu denean gune hori berriro hankaz gora jarri dute”.
Autoak aparkatzeko lekutik bidegorrira tarte txikia geratu dela uste dute sozialistek. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Trafiko arazoak sortzeaz gain, Antso Jakitunaren pasealekuko bidegorria ez dela egokia salatu du Ramosek. Aparkatzeko lekuaren eta bizikletentzako bidearen artean oso leku gutxi dagoela azaldu du, “arrisku egoerak” sortuko direlarik.
Erabilera eta ondorioak aztertuko dituzte sozialistek, baina Karlor Iaren etorbideko arazoaz gain, Antso Jakitunaren hiribideak auzotarrengan hainbat buruhauste sortuko dituela uste dute.