Artista hasiberrien erakusleiho bihurtu dituzte Ernest Lluch eta Intxaurrondo kultur etxeak
Euskal Herriko Unibertsitateak eta Donostia Kulturak itxitako akordioari esker, Metamorfosia, desbideratzea eta alterazioak izeneko erakusketa bi gunetan banatu dute, ikasleek egindako margolanekin.
Metamorfosia, desbideratzeak eta alterazioak erakusketa zabaldu dute hirian, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Donostia Kulturak sinatutako hitzarmenari esker. Arte ederren fakultatean pintura masterra egiten ari diren 20 ikasleen margolanak jasotzen ditu erakusketak, eta bi zatitan banatu dute. Hala, Ernest Lluch kultur etxean sorkuntzen zirriborroak eta lan txikiak jarri dituzte ikusgai, eta Intxaurrondo kultur etxean, berriz, bukatutako koadro handiak. Ikasleentzako aukera paregabea da euren lanak erakusteko, eta gainera, ikasleetako batek egin ditu komisario lanak, Marina Etxeberriak. “Ikasi dugunean sakontzeko balio izan digu”, azaldu du Etxeberriak. Beraz, erakusketaren bi zatiak nola banatu komisarioak berak erabaki du, eta pozik agertu da hartutako erabakiekin. Bihar zabalduko dituzte bi guneak eta apirilaren 25a arte bisitatzeko aukera egongo da.
Iñaki Bilbao da pintura masterreko arduraduna, eta oso harro agertu da gaurko agerraldian. “Normalean oso zaila izaten da erakusketa aretoak lortzea, eta oraingoan oso erraza izan da. Oso pozik nago. Masterraren ideia ez da margolanak egitea bakarrik, eta bi erakusketa gela izateak gauzak asko erraztu dizkigu”, aipatu du Bilbaok.
Azken batean, erakusketaren gai nagusia, izenburuak berak dioen moduan, metamorfosia da. Kontzeptu hori abiapuntutzat hartuta, artista bakoitzak egun pinturaz duen ikuspegia islatu du. Margolanak egiteko estilo desberdinak erabili dituzte, eta paisaiak, erretratu errealistak, espresionistak, abstraktuak eta ideia kontzeptualak biltzen ditu. Teknikei dagokienean, berriz, grabatuak, olioak, akrilikoak eta akuarelak daude, hainbat kolore batuz.
Hala, Donostiako erakusketak elkarlanean osatu dituzte, baina masterreko ikasleek bakarkako erakusketak ere osatu beharko dituzte beste herri batzuetan, ikasturte bukaerako lan moduan.

