EAJk ez du uste bizikleta publikoen erabilera sustatzeko ahalegin nahikoa egiten denik
Dbizik 12 geltoki ditu egun, eta urtea bukatzerako 25 geltoki egokitzeko konpromisoa hartu zuela udal gobernuak diote jeltzaleek, baina ez dute uste aurreikuspenak beteko direnik.
Martin Ibabe zinegotzi jeltzalearen arabera udaberria eta uda dira bizikletaren erabilerari bultzada emateko garai hoberenak, baina kezkatuta agertu da udal gobernuaren aldetik ez duelako ikusten zerbitzua hobetzeko edo indartzeko ahaleginik. “Iaz ia urte osoa igaro zen zerbitzua eskaintzerako, eta aurten ere bide beretik goazela dirudi”, esan du Martin Ibabek.
Zinegotzi jeltzalearen ustez bizikleta garraio bide moduan eskaini behar da, eta ez aisialdirako bakarrik. “Ez dugu erabilera datu zehatzik, baina kaleetara begiratuta ez dut uste aurreikusitako erabilera maila betetzen ari denik”, esan du Ibabek. Datorren asteleheneko batzordean egingo dute jeltzaleek dBizi zerbitzuaren inguruko galdera: erabilera datuak jakin nahi dituzte, eta baita zerbitzuaren hedapena zertan den ere.
Geltoki berriak
Bizikleta publikoak elektrikoak izanik, jeltzaleen arabera oso egokiak dira hiriko auzo altuetarako, baina Ibabek adierazi duenez, “udal gobernuak ez du jakin zerbitzuaren balioa islatzen”. Gainera, geltoki berrien kokalekurik ere ez dutela oraindik ezagutzen salatu du zinegotziak, baina une egokia dela uste du geltoki berriak Intxaurrondo, Aiete, Bidebieta eta ospitale iguruan jartzeko, adibidez.
Ibabek esan duenez, udal gobernuak urte amaierarako 25 geltoki jartzeko konpromisoa hartu zuen. “Iazko esperientziatik ez badute ezer ikasi, beste porrot bat izango litzateke; bada bizikleta publikoaren aldeko apustu irmoa egiteko garaia hitzetatik ekintzetara pasatuz”, esan du Ibabek.

