Goitibeheren jaitsiera bat egitea proposatu dute Aste Nagusirako
Aste Nagusirako oraindik bost hilabete gelditzen diren arren, udala egitaraua osatzen ari da. Helburu horrekin, eta herritarrek jai jardueren osaketan ekarpena egin dezaten, bilera irekia egin dute asteazken gauean Udal Liburutegi Nagusiko areto nagusian. Hogei bat herritar bildu dira jai jarduera konkretuak proposatzeko asmoz, eta udal ordezkariek ekarpen guztiak jaso dituzte, hurrengo egunetan aztertzeko xedearekin.
Iaz hamabost jarduera erantsi zizkioten jai egitarauari, herritarren ekarpenen ondorioz. Horietako bat Urban 13 kolektiboak proposatu zuen; kaleko grafitiak, hip-hop kontzertuak eta break dance erakustaldiaz osatutako jarduera sorta, besteak beste. Bada, Urban 13 kolektiboak datorren Aste Nagusirako proposatutako jarduera berezienetako bat jarri du mahai gainean: goitibeheren jaitsiera bat antolatu nahi du Ulian edo Igeldoko maldetan.
Zenbait elkarteren izenean, Buenavista Prolleckzioms tartean, beste jarduera berritzaile bat proposatu dute bileran. Elkarte guztiei irekita, artea kalera ateratzeko aukera emango lukeen espazio bat egokitu nahi dute Trinitate plazan, egunero, tailerrak eta erakustaldiak eskaintzeko. Egunez litzateke hori eta, gauez, kontzertuak antolatuko lituzkete, hasiberriak diren Donostiako taldeei zuzenduta, nahiz eta jendea erakartzeko musika talde esanguratsu bat, baina ez komertziala, kontratatzea aipatu duten. Trinitate plaza jaietan erabiltzen den espazio bat denez, traba hor izan dezakete, baita finantzazioa lortzeko orduan ere.
Bera Berako ordezkari bat ere egon da bileran. Boleibola hondartzan eta areto futbola Manteo kiroldegian antolatu zuten iaz. Aurten, beste urrats bat eman nahi dute: Bera Berak jorratzen dituen kirol desberdinak hurbildu nahi dizkiete haurrei Manteon bertan eta, bestalde, herri lasterketa bat antolatu nahi dute gauez, helduentzako. Txikiek ere hartuko lukete parte, baina hauek Behobia Txiki bezalako formatuan.
Gondolin elkartea, hondartzan errugbia antolatu ohi duen elkartea eta Easo saskibaloi kluba ere ordezkatuta egon dira bileran, besteak beste. Hauek aurreko urteetan antolatutakoari eustea erabaki dute.
Bileran udaleko Kultura eta Euskara arduradun Nerea Txapartegi izan da, Donostia Kulturako ordezkari Amaia Almirall eta Donostiako Festak erakundeko zuzendari Maria Jesus Torresekin batera. Txapartegik nabarmendu du lehen bileran jasotako proposamen guztiek izango dutela erantzuna, ezezkoa bada ere. Horretarako, ekarpenak behar bezala aztertu ondoren, martxoaren 26an bigarren bilera bat egingo dute erabakitakoaren berri elkarteei jakinarazteko. Bideragarritasuna aztertuko dute, ekonomikoki, teknikoki eta juridikoki jarduerak egingarriak diren ala ez ikusteko. Era berean, jai egitarauaren oreka mantentzeko, zer edo zer desberdina behar du izan, jarduerak errepika ez daitezen.
Jarduerak proposatzeko orduan, udalak baldintza batzuk jarri ditu: euskara presente egotea, emakumearen parte hartzea sustatzea, taldekako parte hartzea bermatua egotea eta elkarteek eurek jardueraren ardura bere gain hartzea. Udalak baliabideak eskaintzeko konpromisoa hartuko luke, baina antolakuntza elkarteei egokituko litzaieke.

