Realeko belar hockey taldea, Kopa eskuratzeko prest
Talde txuri-urdinak bihar ekingo dio lehiari, Madrilen, Egararen aurka.
Realeko belar hockey taldearentzat asteburu garrantzitsua izango da datorrena. Izan ere, Kopa jokatuko du, bihartik igandera, Madrileko Club de Campo taldearen zelaian. Kopa irabazteko faboritoak dira donostiarrak, Ohorezko Mailako Ligan lehen postuan baitaude. Gainera, azkeneko hiru urteetan Kopako finalera iristea lortu du Realak. Final-laurdeneko neurketan, Egara talde kataluniarra izango du aurkari, bihar, 17:00etan.
Lehen lehia irabaziz gero, Realak larunbatean jokatuko du hurrengo norgehiagoka, 13:00etan, Atletic Terrassa eta RS Tenis taldeen arteko irabazlearen aurka.

