Josean Galera Ingurumen sailburuordea, Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikarako sailburua, Nora Galparsoro Azpiegitura eta Hiri Zerbitzuetako zinegotzia eta Iñigo Ansola Uraren Euskal Agentziaren zuzendaria. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Zulaketa bertikal txikien bidez egin dute kilometro bateko luzera duen kolektorea.
1999. urtean hondakin urak Loiolako araztegira eramateko egin zen zatiarekin lotu dute.
Lurpean daude kolektoreak eta hiritarrak ez dira jabetzen nola desagertzen den etxeko komunetik eta garbigailuetatik doan ura. Hiritarrek soilik estoldak ikusten dituzte, baina lurrazpian hiri osoa zeharkatzen duen azpiegitura erraldoi bat dago. Gaur Foruen pasealekutik Azpeitia kaleraino doan saneamendu kolektore berria inauguratu dute. Kolektore nagusiaren bigarren eta azken zatia da, eta hondakin urak Loiolako araztegira garraiatzen ditu.
Kilometro bateko luzera du , eta orain arte erabiltzen zen kolektore zaharra ordezkatuko du – Santa Katalinako ponpalekuaren eta Azpeitia kalearen artean zegoena-. Amaran, Azpeitia kalean, 1999. urtean egindako kolektorearekin lotu dute. Uraren Euskal Agentziari eta Añarbeko Urak-en artean sinatutako lankidetza hitzarmen bati esker finantzatu da kolektorea.
Zulaketa bertikal txikien bidez lortu dute kilometro bateko bidea irekitzea, guztia zulatzeko beharrik izan gabe. Soilik lau puntu zulatu dituzte: Azpeitia kalea eta Bizkaia pasealekuaren izkina, Araba parkearen iparraldea, San Jose ikastetxearen ingurua eta Foruen pasealekuaren hasiera. Lurrazpian tunelak egiten dituen makina bat erabili dute, oinezkoei, txirrindulariei eta auto gidariei ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko. Gainera, zulaketa mota honi esker hainbat zuhaitz salbatu dituzte, 350 bat zuhaitz. Kendu behar izan dituzten zuhaitzak beste gune batzuetara eraman dituzte.
Enrique Noain Añarbeko Urak-eko lehendakariak azaldu ditu obraren ezaugarri teknikoak. Kolektore berriarekin energia gutxiago gastatzea eta gutxiago kutsatzea lortuko dutela azaldu du. Kolektore zaharrarekin urak derrigorrez Santa Katalinatik Loiolaraino ponpatu behar zirela azaldu du. Energia aurreztu eta Ibaiaren ezkerraldeko ur zikin guztiak bonbeatu behar zituzten Loiolaraino. Ur pilaketeri, kutsadurari eta kiratsari aurre egitea errazagoa izango da kolektore berriarekin, Noainen arabera. Lurrazpian 440 hodi sartu dira eta 16 hilabete iraun dute lanek, aurreikusitakoa baino pixkat gehiago.
Nora Galparsoro Azpiegitura eta Hiri Zerbitzuetako zinegotziak kolektorearen lanak ingurumenarekiko zaintzan oinarritu direla azpimarratu du. Hiri iraunkor baten aldeko apostua berretsi du, eta saneamendu sarea hobetzen dihardutela azaldu du, teknologia berriak aplikatzen.
-