
Nora Galparsoro Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak Zurriola hiribidean aurkeztu du organikoa birziklatzeko edukiontzi berria. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Amaran ere prest izango dira edukiontzi berriak biharko. Txartel batekin ireki ahal izango dituzte kontainer marroiak.
Hondakin organikoak biltzeko txip bidezko edukiontzi marroiak jarri dituzte gaur Grosen. Familia edo etxe bakoitzak bere txartelarekin ireki beharko du edukiontzi marroia. Txartelak gertutasun sistema erabiltzen duen txip bat darama barnean. Amaran ere hasi dira edukiontzi berriak jartzen, eta biharko prest izango dira guztiak. Bi auzo hauetan dagoeneko erabiltzen zuten bosgarren edukiontzia, baina sistema eta edukiontziak egokitu egin dituzte. Sistema zaharrarekin giltza baten bidez irekitzen zituzten organikoa jasotzeko kontainerrak. Joan den astean jaso zituzten txartelak.
Joko Garbia webgunearen bidez eman daiteke izena sistema berrian, eta erabiltzaile berriek apiriletik aurrera eskuratu ahal izango dute txartela.
Organikoa biltzeko boltsak Groseko eta Amarako kultur etxeetan eskura daitezke, baina laster makina batzuetan lortzeko aukera izango dute bizilagunek. Kultur etxeetan ez ezik, kiroldegietan ere jarriko dituzte makina hauek.
Nora Galparsoro Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak Zurriola hiribidean aurkeztu du gaur organikoa birziklatzeko edukiontzi berria. Hurrengo asteetan sistema berria probatu eta egokituko dute, eta ondoren hasiko dira hiriko beste auzoetan edukiontzi marroiak jartzen. Lau fasetan ezarriko dute sistema berria: lehenengo fasean Gros, Sagues, Erdialdea, Egia, Amara, Amara Berri, Morlans eta Anoetan ezarriko dituzte; bigarren fasean, Ategorrieta-Ulia, Mirakruz-Bidebieta, Aiete eta Antiguan; hirugarren fasean, Añorga, Miramon-Zorroaga, Altza eta Intxaurrondon; eta laugarren fasean,Loiolako Erribera, Parte Zaharra, Ibaeta, Loiola, Martutene eta Zubietan. Guztira 450 edukiontzi jarriko dituzte hirian. Uztailerako denak prest egotea espero dute.
Galparsorok adierazi du hurrengo urtean zabor tasetan deskontuak izango dituztela erabiltzaileek. Hilabeteotan sistema berria probatu eta datuak jaso ahala aztertuko dute nola ezarri deskontua.