Liztor asiarraren habia bat, Urgullen. (Argazkia: Eguzki)
Hiriko 35 gunetan jarriko dituzte liztor asiarrak harrapatzeko tranpak. Isurkari bat jartzen dute tranpetan liztorrak erakartzeko; iaz 400 erregina harrapatzea lortu zuten.
Axier Jaka Ingurumen zinegotziak argitu duenez hau da liztor asiarren hedapena geldiarazteko garairik onena. Izan ere, martxoa eta maiatza bitartean erreginak negua pasa duten zuloetatik atera eta habiak egiten hasten dira, haietan arraultzak erruteko. Habi bakoitzean 200 erregina berri eta 1.500 eta 3.000 liztor langile artean sortzen dira, beraz, ugalketa oso azkarra da.
Iaz 177 habia kendu zituzten Donostian. Horretarako, herritarren laguntza oso garrantzitsua dela aipatu du Jakak, “habia txikiak aurkitu eta kentzean nabarmen murrizten da habia handien kopurua”. Liztor habi bat aurkituz gero, Udaltzaingora deitu behar da, hots, 092 zenbakira. Izan ere, habiak kentzeko lanetan udaltzainak, suhiltzaileak eta osasun zerbitzuetako langileak aritzen dira.
Berez liztor asiarrek ez dute herritarrengan inolako arriskurik sortzen, baina kalte handia egiten diete bertako erleei eta erlauntzei, eta ondorioz baita ingurumenari ere, erleak baitira polinizazioaren %80az arduratzen direnak.